Bai horixe! Horrela dio legeak eta horrela berretsi dute auzitegiek. Baina horrek berdin dio Elgoibarko Udalari, hori egin baitu PSEko Aser Araujo zinegotziak aste honetako plenuan EAJren babesarekin. Zertaz ari gara? Astearteko Osoko Bilkuraren gai-ordenean, Elgoibarko Udalak "Elgoibarko Tokiko energia komunitatean" (TEK) bazkide gisa parte hartzeari buruzko puntua onartzea zegoen. TEk hori elkarte pribatua da, non Aser Araujo presidentea den.
Osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu beharreko dokumentazioa, ez zen irailaren 22 egindako Lurralde Batzordean atxikitu.
Ingurumen arloko arduradunari proiektu honi lotutako informazioa eskatu ondoren, irailaren 28an (astelehena), honek, TEK proiektuaren estatutuak eta txosten orokor bat baino ez zizkigun bidali. Txosten horretan, gainera, datu kuantitatiboak nahita ezabatuta ageri ziren, eta ez zen proiektuaren gutxieneko informazio kuantitatiboa jasotzen zuen datu edo txosten ekonomikorik aurkeztu. Egoera horren aurrean, Osoko Bilkuran bertan, EH Bilduk puntu hori plenuko gai ordenetik kentzeko eta urriko hurrengo Osoko Bilkurara atzeratzeko eskatu zuen, ordurako beharrezko informazio guztia eskuratu eta azterketa egokia egin ondoren, oinarri sendoko jarrera bat hartu ahal izateko.
EH Bilduren eskaerak ez zuen esan nahi asmoaren aurka ala alde zegoen, energia berriztagarriak bultzatzeko baikaude, gobernatzen dugun beste udalerritan erakutsi dugun bezala.
Baina gauzak ondo egin behar dira, maltzurkeriarik gabe: erabakiak hartzeko, ganorazko informazioa eman behar da, garaiz eta ezabaketarik gabe; interes-gatazkak ekidin egin behar dira, onartezina baita interes pertsonala instituzionalarekin nahastea, egin den bezala; eta Udalak bere baliabideak (eraikinen teilatuak, adibidez) energia berriztagarria sortzeko erabiliko badu, elkarte publiko batetik egin beharko lukeela uste du EH Bilduk, ez zinegotzi bat presidente duen elkarte pribatu baten bidez.
Guzti hori horrela izanda, hala ere, Gobernu Taldeak (EAJ-PSE) ez zuen onartu EH Bilduk puntu hori gai ordenetik kentzeko egindako eskaera, eta, horren ondorioz, ez genuen puntu horren inguruko bozketan parte hartu.
Elgoibarko EH Bildu