Denboraldiko alokairuak, logelaka alokatzea, "rent to rent", higiezinen agentziek jabeak prezioak igotzera bultzatzea, prezio abusiboak... Etxebizitza bizitzeko eskubidea izatetik, etekinak lortzeko negozio bihurtu da.
Egoera horren adibideak egunero entzuten ditugu LABeko etxebizitza asanbladetan: Etxean haurrik ez zela onartzen esan zidaten; ez ditut baldintzak betetzen (arrazializatua izatearen ondorioz); ikaslea ez nintzenez, ez zidaten alokatu; ez didate 'LAU' etxebizitza legea aplikatzen; alokairu kontraturik ez didate egin nahi; ez didate uzten etxean erroldatzen.
Praktika hauen ondorioak langile klaseak eta sektore prekarizatuenek pairatzen dituzte. Hau ez da kasu isolatuen multzoa. Etxebizitzaren merkantilizazioaren eta espekulazioaren ondorioa da. Bitartean, langileok soldataren gero eta zati handiagoa etxebizitza ordaintzera bideratu behar dugu.
LABek bizitzaren aldeko sindikalismoa egiten du, kapitalaren aurkakoa. Horregatik, lantokietan bezala, etxebizitza eremuan ere ekintza sindikala antolatzen dugu. Zentzu horretan, etxebizitzaren negozioak mehatxatutako maizterrek eta LABek deituta, mobilizazioak deitu ditugu asteburuan Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Larunbata:
- Donostia: 12:00etan, Bulebarrean.
- Gasteiz: 12:00etan, Andre Mari Zuriaren plazan.
- Iruñea: 12:00etan, Mereindadeen plazan.
Igandea:
- Bilbo: 12:00etan, Eliptikan.
Borroka da giltza!
LAB sindikatua