Begirunea da sortzen zaidan lehenbiziko sentipena. Zuen urtekari eta informazioei begira egon naiz. Urte bakar batean ere, bigarren hezkuntzako ikastetxe batean egiten diren ahaleginak, sortzen diren harremanak, irakasten diren eduki, jarrera eta balioak, kudeatzen diren gatazkak, frustrazioak eta lorpenak asko izaten dira. Eta hori berrogeita hamar urtez biderkatuz gero, hortik hasi beharko nuke: jende askoren lana txalotzetik.
Gehiegi eskatzen diogu hezkuntza arautuari. Familia edo etxearen ardurak ahuldu egin ditugu. Lehen eskolari eskatzen zitzaion instrukzioa ondo egitea: hizkuntzak, baliabide matematikoak, historia eta zientzien sarrera, lanbideetarako prestaketa. Orain, ia dena egitea eskatzen diogu askotan, etxean egiten ez dena ordezkatzea eta gizarteko arazoak konpontzea bere ardura balitz moduan. Dena eta ondo egitea zaila da.
Mundua abiadura handian aldatzen ari da, gainera. “Azelerazio noragabetua” izan liteke modu bat egungo gure zibilizazioaren egoera izendatzeko. Ondo ezagutzen eta kontrolatzen ez ditugun indarrak ari dira gizartea, komunitate-loturak, jarraipen kulturalak eta gizakia ulertzeko modua bera astintzen, beste eredu bat erdian jarrita: menuetako hautuan eta desioan oinarritutako norbanako eredua. Indar handia du haustura antropologiko honek, eta eredu kontrajarriak daude. Zer egin hezkuntzan egoera azeleratu honen erdian?
Abiadura honen testuinguruan, gero eta gutxiago dakigu etorkizunean sistema sozioekonomikoak zein lanbide eskatuko dituen ere, eta ez da ziurra guk sortzen ditugun profil teknikoek benetan zenbateraino balioko duten. Baina ohartu gaitezke, etorkizuna edozein dela ere, gauza batek behintzat balio handia izan dezakeela: pertsona sakonak hezteak. Pertsonen osotasun eta sakontasuna heztea, jakina, ez da gauza erraza. Ez da betiko ikasgaiei heltzea, baina ez da modan dauden kontsigna sozialetara gehitzea ere. Bestetik, kontuz ibili behar genuke berriro ere eskolari gehiegi eskatzearekin. Etxearen, inguruaren, tokiko eraketen eta gizarte osoaren zeregina da hezkuntza hori. Baina hezkuntza arautuak ere jar dezake bere alea.
Duela urte batzuk, gure eskualdearen norabideari buruz ari ginela, galdera bat egin genion gure buruari: ume batek ze arlo ukitu eta landu beharko lituzke heldu bihurtu arteko garaian? Ez zen eskolari buruz egindako galdera, umeari edo gazteari buruzko galdera zen. Eta erantzunean sortu zitzaizkigun arloak, eskolak lantzen zituenak baino gehiago ziren. Horietako batzuk ziren, adibidez, eskuekin egiten den lan fisikoaren esperientzia bizitzea, pertsonak zaintzearen inguruko esperientzia bizitzea, inguruko natura ezagutzea, tokiko herri-ekimenekin lotura bizitzea, edota barnetasun eta espiritualitatearen arloa ukitzea. Gaur ere galdetu dezakegu zein arlo bizi behar lituzkeen haur eta gazte batek pertsona oso moduan garatzen joateko.
Berriz gatoz lehen esandakora: dena eta ondo egitea zaila da. Baina ez genioke galdetzeari utzi behar, egungo errealitate azeleratu honetan, ikastetxe batek gazteari nola lagundu diezaioken pertsona oso eta sakon xamar bezala hazten. Galdera horretara irekita egon behar genuke ikastetxeetatik, ez bakarrik boladan dauden, modan jartzen diren eta modan jarriko diren ideia, kontsigna eta ideologien araberako programak eginez. Barrurago, sakonago, gizakiaren sakontasunaren bila joan beharko genuke. Gure existentziak sakonera baduela uste badugu, gure zuntz psikologikoek, espiritualek eta kulturalek dentsitate bat badutela iruditzen bazaigu, orduan hezkuntzako eragile guztiek hori kontuan hartu behar lukete. Hori bai: eskola lagungarri bakarrik izan liteke horretan, eta bere funtzio osagarria hau izan liteke: buruak irekitzea, gai sakonak hor daudela seinalatzea, begirunez.
Nola egin, ordea, hori? Hasteko, sakontasun krisia ez dago ikasleengan, helduongan baizik, irakasleen belaunaldian. Gai existentzialak, espiritualak edota barnetasunari dagozkionak gure artean egon dira nahiko blokeatuta. Bizitzaren zentzu global xamar, sakon, sustraitu eta ireki baten falta gure ezaugarria da, gure belaunaldiaren ahulezia. Zer transmitituko diegu, bada, gazteagoei?
Ederra litzateke horretaz ohartzea, eta bakoitzaren hautu pertsonalak direnak direla, behintzat gu ez izatea gazteei gai sakonen galderak eta pistak blokeatuko dizkietenak. Hezkuntza ez izatea gai batzuetan burua itxiko diena. Hori garrantzitsua da, beti, eta are gehiago orain, migrazioen ondorioz tradizio espiritualetan gero eta anitzagoa den gazte belaunaldia datorrenean. Baina aipatzen ari garen gaia ez da aniztasuna, gai existentzial eta etiko sakonen gaia baizik. Beharbada posible litzateke gure ikastetxeetan irakasle talde batek gai hauek begirunez eta jakintzaz lantzea, eta ikastetxean nolabait txertatzea. Gogoeta-ildo bat irekiko luke horrek ikastetxean, nolabait tantaka bustiko lituzkeena zuzendaritza, klaustroa, ageriko curriculuma eta ezkutuko curriculuma. Hala, beste gauza askoren artean, eta horien barruan, ipar hori ere presente egongo litzateke: hezkuntza arautuaren mugak aitorturik, eta laguntzaile moduan, pertsonen osotasun eta sakontasunari hazten laguntzea, edo behintzat hazten uztea.
Debagoienetik ibaira berba batzuk bota behar eta Olentzerori gutuna atera ote zait? Gehiegizko ametsa egin ote dut? Ez dakit, baina historia baten emaitza gara. Zer zuten buruan Arreiturreko ikastetxearen sorrera bultzatu zutenek? Zer da sakonean nahi zutena? Zenbateraino ari ziren gazteak sisteman lanean hobeto txertatzeari begira? Eta zenbateraino motibatzen zituen pertsona sakonak hezteko bideak jartzeak? Gustura entzungo nieke hasierako bultzatzaile haiei. Egia esan, haietako bat ezagutzen dut, gerra aurretik sortua, errepublikaren aldarrikapena ikusitakoa, herrigintzaren senetik ikastetxearen sorrera bultzatzen ibili zena. Haien ametsak handiak ziren, eta belaunaldi hark asmatu zuen bide batzuk sortzen. Oraingo ametsak zein diren galdetu behar genuke.
Jon Sarasua