2015ean sinatu zen Parisko Hitzarmenak aurreikusten du tenperatura bi gradu baino gehiago ez berotzea, eta, ahal den neurrian, 1,5 gradutik gorako berotzera ere ez heltzea. Baina helburu hori dagoeneko ezinezkoa dela aitortu du NBEk; aukera ikusten du mende erdirako 1,8 graduraino iritsi ondoren hortik 1,5 graduraino jaisten hastea mende bukaera bitartean, pixkanaka.
Horretarako, herrialdeek askoz ere ahalegin handiagoa egin beharko lukete orain arte baino. Berotegi gasen isurketak %18 jaitsi beharko lirateke 2030erako; 2035erako, %45; eta 2040rako, %69.
Herrialdeen egungo politikei eusten bazaie, garbi dago 2,8 graduko berotzea iritsiko dela. Are, herrialdeek orain arte isurketak murrizteko hartutako konpromisoak beteko balituzte ere, 2,6koa izango litzateke berotze globala. Izan ere, herrialdeek hartutako konpromiso horien bidez, 2030erako isurketak %5,8 gutxituko lirateke, eta %11-15 2035erako.
NBIPk gradu hamarren bakoitzaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, 1,5 gradutik gorako hamarren bakoitzak zera eragingo du: muturreko fenomeno meteorologikoak handiagoak eta larriagoak izatea, eta atzera-bueltarik gabeko inflexio-puntuak gainditzea: Artikoko eta Antartikako izotz-masak ezegonkortzea, Amazonia narriatzea, Atlantikoko itsas korronteak aldatzea...
Denon ardura da klima aldaketaren aurkako neurriak hartzea, baina nazioek, bereziki, dagozkien murrizketak azkar, sakon eta iraunkorki ezartzen hasi behar dute, bestela akabo! Beste behin, berandu gabiltzala uste dut...