Aupa 'Maputxe'!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak

Leioako Artaza parkean (Bizkaia) Lamiakoko itsasadar azpiko errepidea eraikitzeko lanak egiten hasiko dira. Oraindik ez dute garbi noiz hasiko diren lanak. Zundaketak egiten ibili dira azken hilabeteetan, eta edonoiz hasi litezke. Lanak egin bitartean parkearen zati bat suntsituko dute, eta eraikuntza enpresek Artatza-Itzubaltzetako institutuko jolastokiaren erdia okupatuko dute. Artatza parkea inguruko auzoen birika berdea da, eta bertan dauden dozenaka zuhaitz moztuko dituzte lanak egin ahal izateko. Proiektu handia da, eta gutxienez zazpi urte beharko dituzte lanak amaitzeko. 

Egoera hori salatzeko, Maputxe izeneko ekintzailea behin baino gehiagotan igo da parkeko zuhaitzetara. Azkenengoz urriaren 24an egin zen manifestazio egunean igo zen, eta, momentuz –azaroaren 10a gaur–, bertan jarraitzen du. Bi aste pasata daramatza bertan, eta proiektua bertan behera geratu arte ez dela jaitsiko adierazi du Maputxe-k.

Subflubialari Ez Plataformak deituta, herritarrek elkarretaratzea egin dute Maputxe igota dagoen zuhaitzaren azpian, elkartasuna adierazteko eta babesa emateko. Aldarrikapenak hauek dira: azpiegiturak ez du lortuko trafikoan dauden arazoak konpontzea –Bizkaiko Foru Aldundiak ere onartu du hori–, erakartze efektua izango duelako, eta proiektua egiteko jarriko dituzten 600 milioi euroak garraio publikoa indartzeko erabiltzeko eskatu dute.

Eskerrik asko, Maputxe, ingurumenaren eta herritarren defentsaren aldeko ekintza solidarioa egiteagatik.

Z.A.