AEK-k zabaldu du 2026-2027 ikasturterako aurrematrikulazio epea

Erabiltzailearen aurpegia Kaltxango AEK 2026ko ekainaren 10a

Ikasleak Ermuko AEKn.

AEK-k martxan jarri du 2026-2027 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina. Euskara ikasi edo hobetzeko asmoa dutenek ekainaren 30era bitartean eman ahal izango dute izena, AEKren webgunearen bidez edo sareko edozein euskaltegitan.

Aurrematrikula eginez gero, hainbat abantaila izango dituzte ikasleek. Batetik, datorren ikasturtean ere aurtengo prezio bera mantenduko da eta bestetik, ordainketa egiteko malgutasun handiagoa izango dute, ohiko ordainketa-epeei beste epe bat gehituta eta interesik gabe.

Horrez gain, aurrematrikula egiten dutenek lehentasuna izango dute taldeak osatzeko garaian. AEKk nabarmendu duenez, horrek erraztu egiten du tokia izatea ikasleen ordutegi eta beharretara hobekien egokitzen diren taldeetan.

Aurrematrikula formalizatzeko lehen ordainketa 100 eurokoa izango da. Nolanahi ere, ikastaroa hasi aurretik atzera egin eta ez matrikulatzea erabakitzen dutenek zenbateko osoa berreskuratu ahal izango dute, betiere aurrez jakinarazten badute. Ikastaroa behin hasita, berriz, matrikularen ohiko itzulketa-baldintzak aplikatuko dira.

AEK-k gogorarazi du aurrematrikula egiteko epea ekainaren 30ean amaituko dela, eta interesa dutenek izapidea egin dezaketela www.aek.eus webgunean edo gertuen duten euskaltegian.

Kanpaina berriaren bidez, euskaltegi sareak datorren ikasturterako izena emateko deia egin die euskara ikasi edo hobetzeko asmoa duten herritarrei, eta aurrematrikula garaiz egitearen garrantzia azpimarratu du, eskaintzen dituen abantailak baliatzeko.