Elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Maider Gabilondo 2026ko urtarrilaren 30a

Ziurgabetasun momentuak bizi ditugu munduan; indarkeriak gora egin du eta 30 gatazka armatu daude aktibo. Gutxi ezagutzen ditugu, gehienek ez dituztelako titularrak betetzen. Baina isilean, milaka haurren bizitza itzaltzen ari da Sudanen edo Afrika Erdiko Errepublikan. Premia humanitarioek muturreko maila gainditu dute. Haurrak dira biktima nagusiak gatazketan. Batez ere, neskak, gerraren izugarrikeriez gain, neska izate hutsagatik jasaten duten diskriminazio bortitzarengatik; besteak beste, eskolarako eskubidea ukatu egiten zaie eta sexu-indarkeriaren aurrean zaurgarriago egiten ditu gatazkak.

Hala ere, egoerari aurre egiteko itxaropena ez dugu galduko. Besteengandik arduratzea gizaki egiten gaituen ezaugarria da. Eta nahiz eta egungo egoeran kontrako korrontean arraun egiten dugula sentitu, munduan badira gizonak, emakumeak eta baita haurrak ere oinarrizko eskubideen alde lanean. Lerrook horiei eskaini nahi nizkieke, eurei esker etorkizun hobea utzi ahal izango baitiegu datozen belaunaldiei. Boluntarioek, elkarte humanitarioetako bazkideek, hondamendietan laguntzen dutenek, enpresek, kooperanteek, profesionalek… itxaropentsu jarraitzeko bultzada ematen digute, pertsonen eta komunitateen ongizatean lagundu eta bizitzak salbatzen dituzten aldaketak sustatuz.

Horren erakusle dira orain dela bi urte ezagutu nituen Mozambikeko neska nerabeak. Beste neskak haur-ezkontzatik babesteko lan egiten zuten. Alerta-sarea sortu zuten arrisku-egoeran zeuden neskatoak identifikatzeko, eta zenbait ekintza abiarazi zituzten familiek alabak adin goiztiarrean ezkontzeari uko egin ziezaioten eta eskolan jarrai zezaten. Neskak ahaldundu, mutilak kontzientziatu eta familiak ekonomikoki laguntzeko kreditu sistema bat sortu zuten, ezkonsaria lortzeko haur-ezkontzara jo ez zezaten. Horrela, hainbat neskatori etorkizunerako aukera duinagoak eskaini dizkiete.

Neska horiek lagun hurkoari laguntzeko lan egiten duten beste hainbat pertsonaren adibide dira, eta laguntza hori oinarrizkoa dela uste duten guztiei zuzendu nahi dizkiet nire eskerrak, baita Debabarrenetik mundua hobetzeko lan egiten duzuen guztioi ere. Bihotzez, eskerrik asko!