Batzuk hotz, besteak bero

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Isasti

Heldu da hotza gurera. Horrekin, etxea berotzeko beharra. Euskadin, %80k baino gehiagok gasa erabiltzen du. Arazoa? Gas naturalaren prezioa goi-goian dago, 2022tik altuen. Baina lasai. Euskalmetek dio udazkena eta negua ohi baino beroagoak eta hezeagoak izango direla. Eskerrak! Hala ere, askoren negua gorria izango da. Ez, ordea, gas enpresena: Naturgyk 2026ko lehen bederatzi hilabeteetan 1.758 milioi euroko mozkinak izan ditu, iaz baino %5,4 handiagoak; Total Energies-ek, 7.421 milioi eurokoak, iaztik %91 hobetu du mozkin garbi metatua, petrolioaren prezioen igoerarengatik.

Berogailua ez da luxua, beharra da. Zer esanik ez jatekoa. Supermerkatuek mozkin errekorra lortu dute. Baina aipamen berezia gasolinaren sektoreak merezi du. Repsol, adibidez. Repsolek 5.006 milioi euroko mozkina lortu du irailera arte, iaz baino %325 gehiago!

Bankuak, berdin. Euskal bankuek irabazi errekorrak izan dituzte; zifra historikoak. Euskadi Espainiaren buruan dago, inbertsio funtsetara eta pentsio planetara bideratutako diru-ratioan. Bitartean, Euskadiko soldata ohikoena, INEren arabera, 25.000 euro da –gordinik!–, eta gutxiago ere irabazten dute askok. Esandakoa. Askoren negua, gorria. Gutxi batzuena, beroa.