Euskaraz jakin ala ez, 0-12 urte bitarteko umeen gurasoei (edo guraso rola betetzen duten helduei) dago zuzenduta Eusfera ekimena. Umeen ingurua euskaldunagoa izatea nahi duten guraso guzti-guztientzat izango da, beraz. Ez da beharrezkoa izango gurasoetako batek edo biek euskaraz jakitea. Izan ere, webgunea gazteleraz eta frantsesez ere badago eta elkarguneetan xuxurlariak eta beste hainbat tresna erabiliko dira hizkuntza nagusia euskara izan dadin eta erdaldunak euskarara hurbildu daitezen errazteko.
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak sortu du ekimena eta Soraluzen Aisialdia Elkarrekin taldeak hartu du antolakuntzarako ardura. Haien esanetan, “gure etxeko haur eta gaztetxoen atmosferan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea da helburua. Aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dugu aisialdia, kultur kontsumoa, erreferenteak, kirola, etxeko hizkuntza praktikak… euskaldunagoak izan daitezen”.
Maiatzaren 7tik 17ra bitartean egingo da ekimena. Datorren astean azalduko dute proposamen zehatzak zeintzuk izango diren, eta ekintzetan izena nola eman daitekeen ere bai. Informazio gehiago, momentuz, honako webgunean lortu daiteke: eusfera.taupamugimendua.eus