Seigarren edizioa izango da 2026an Santa Ana jaien atarian egingo dena, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Zabaltzen Sartu Kooperatiba Elkarteak eta Soraluzeko Udalak antolatuta. Jaiak soraluzetarron arteko harremanak estutzeko eta elkar ezagutzeko topagune izan nahi du, jatorri-hizkuntza-kultura aniztasuna aitortzearekin batera, elkarbanatzen duguna azpimarratuz. Elkarrekin parte hartu, sukaldatu eta bazkaltzea da helburua, aurreiritzi, zurrumurru eta estereotipo arrazistei aurre eginez.
Uztailaren 19an (domeka), parte hartzaileak goizeko 11:00etan elkartuko dira Zubi Nagusian eta bakoitzak bere txokoan, arroza prestatzeari ekingo dio. Bien bitartean, “Bizijolas”, jolas askerako gune zabala egongo da Zubi Nagusian eta Plaza Barrixan, txikienen eta adin guztietako herritarren gozamenerako. 13:00ak aldera, Soraluzeko batukada feministaren kalejira ibiliko da herrigunean zehar. Ondoren, 13:30ak aldera, arroza dastatzeko aukera izango dute hurreratzen diren herritarrek. Osagaiak erosteko dirua zein sutegiak, mahaiak eta beste hainbat material antolakuntzak jarriko ditu.
Antolakuntzarako bilera, ekainaren 16an
Ekimena ahalik eta ondoen eta jende askoren artean antolatzeko asmoz, antolatzaileek bilera deitu dute ekainaren 16rako, Kalebarren 8an, 18:00etan. Parte hartzea errazteko, zaintza zerbitzua eskainiko da umeekin datozenentzat. Zaintza zerbitzua behar dutenei aurrez abisatu dezatela eskatu diete.
Izena emateko
Izena eman nahi duenak, uztailaren 9ra arte izango du aukera. Horretarako, jarri harremanetan Ariannerekin (601602347) edo Itziarrekin (699236164).