Herriko euskalkian hika aritzeko herritarrak trebatu eta animatzeko afari-merienda bi egin ostean, Gaztañerre Azoka egunean lagun artean, jai giroan, hika egitera animatu nahi ditu Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak. Hika egiteko ohitura eta hikaren beraren ezagutza nabarmen gutxitu da azken hamarkadetan baina oraindik ere badira herrian hika aritzen direnak, eta gehiago dira hika zela jardun ikasi eta praktikatu nahi dutenak. Horiei baliabideak eman eta aktibatu daitezen animatuko ditu elkarteak.
Soraluzeko hikaren "txuleta" eta txapak
Badihardugu Euskara Elkartearekin elkarlanean prestatu ditu Pil-pileanek Soraluzeko euskalkiko 30 adizki oinarrizkoenak jasotzen dituen orritxoa edo "txuleta" eta norbera eta ingurukoak hika aritzera gonbidatuko dituen txapa. Azoka egunean karpako barran ipiniko dituzte eskuragarri.


Hikafari-meriendetan, ikasi eta barre
Hogeita bi lagun aritu dira saiootan parte hartzen, herriko euskalkian hika egiteko ohitura hartzeko eta ikasteko jolasean. Gehienak helduak izan dira eta tartean gaztetxo batzuk ere bai. Izan dira hika etxean edo inguruan entzunez ikasi dutenak eta pertsona batzuekin hala jarduteko ohitura dutenak, izan dira tarteka hika egitera ausartzen direnak ondo jakin gabe, eta izan dira hika oso gutxi edo batere ez dakitenak ere. Elkarrekin iluntze bi pasatu dituzte, jolasean, kontu-kontari eta barrez, ikastearen gozamenean. Orain, Gaztañerre Azoka egunean hika gehiago jarduteko aitzakia eta prestakuntza izango dituzte, baita egunerokoan hala jarduteko ere.