Gertu dagoen arren, kulturalki ezberdintasun handiak ditu Arabar Errioxak Deba bailarako parajeekiko. Klima eta orografia mediterraniarra izateak landaretza, fauna eta kultura propioa garatzea ekarri du. Hala, esaterako, olioaren ekoizpena aspalditik errotuta dagoen jarduera da Lantziegon. Pil-pileanetik antolatutako irteerari esker, egunero jaten dugun jaki preziatua non, nola eta zeinek landu eta ekoizten duen ezagutzeko aukera izango da, bertatik bertara, eta hainbat olio probatzeko aukera ere bai.
Mikel Izagirre soraluzetarraren gidaritzarekin
Erroiz markako olio ekologikoa ekoizten du Mikelek Lantziegon, Dounia El Kouissi bikotekidearekin batera. Mikelek haurtzaroa Soraluzen eman bazuen ere, aitona-amonen herrian, Lantziegon, haien oinordetzan jasotako olibondoekin ari da lanean. Ehundaka urte dituzten olibondoak zainduz, urtero kalitate goreneko oliba-olio birjina estra ekoizten dute, Arroniz barietateko olibak erabilita.
Erroiz.eus atarian azaltzen dutenez, Euskal Herriko olibondoetako bioaniztasuna zaintzea, eskualdeko garapen ekologikoa eta ekonomikoa garatzea zein olibondoari eta olioari lotutako bizi-kulturari eustea ere badira, besteak beste, Erroiz olioa erosteak ahalbidetzen dutena. Txikia izateak eta artisau eran jarduteak abantaila handiak dakartzala azaltzen dute: "horrek guztiak Erroiz olioa olio zaindua, zintzoa, artisaua, bakana, osasuntsua eta goi mailako elikagaia izatea eragiten du."

Argazkia: erroiz.eus
Irteeraren xehetasunak
Abenduaren 12an goizeko 9:00etan abiatuko da autobusa Estazio kaleko geltokitik eta iluntzeko 19:00etan irtengo da Araba aldetik Soraluzerantz. Goizean zehar, ehundaka urte dituzten olibondoetara eta udal errota zaharrera zein dolare berrira bisita egingo dugu eta ondoren olio dastaketa izango dugu. Hemen ikus daitezke xehetasunak. Gero, bazkalorduan, nahi duenak jatetxean bazkaltzeko aukera izango du (norberak etxetik bazkaria eraman eta bere kabuz ere bazkaldu ahalko du). Arratsaldean, harresitutako Guardia herriko bazterrez gozatuko dugu eta nahi duenak ardotxoren bat dastatzeko aukera ere izango du.
Prezioa: Erroizen egingo dugun bisitarengatik, hamairu urtetik gorakoek 25 euro ordainduko dituzte eta hortik beherakoek dohainik izango dute. Autobuseko joan-etorriagatik 10 euro ordainduko ditugu buruko hamairu urtetik gorakoek. Jatetxeko bazkariaren prezioa zehaztu gabe dago oraindik.
Izena emateko, galdetegia bete beharko da. Abenduaren 7a baino lehen eman beharko da izena.
Egonarria podcastean bideo-elkarrizketa Mikeli
Mattin Jauregik elkarrizketa egin zion Mikeli duela hilabete batzuk lurrari eta laborantzari buruzko Egonarria podcasterako, eta bertan azalpen ugari ematen ditu: modu tradizionalean eta ekologikoan olibondoa nola lantzen duten azaltzen du, olibondoak eta mahastiak elkarrekin noiztik eta zergatik dauden, olioa nola aukeratu daitekeen... Jakinminez dagoenak, joan aurretik ikusteko moduko elkarrizketa interesgarria da.