Badirudi emakumeok ez daukagula eskubiderik leku horiek okupatzeko, ez ditugula merezi, ez daukagula hor egoteko maila nahikoa, eta bertara iritsi bagara, "neska delako", "ederra delako" edo "auskalo zer egin duen hor egoteko". Emakume izateagatik bidea erraztuko baligute bezala, gizonezkoek mesede bat egin baligute bezala; nork eta gizonezkoek?
Gizarteak ez du hau automatikoki gizonei buruz pentsatzen, eta ez, ordea, botere postuak gizon kaskar ugarik betetzen ez dituztelako, behintzat.
Berdintasunean asko aurreratu dugula diogu, baina askoz ere gehiago aurreratu behar izango genuke gaurdaino, eta heziketan huts egiten dugula esango nuke.
Emakumeengan gure gurasoek sendo sustatu dute gure askatasunerako independentzia ekonomikoak duen garrantzia, ikasketak jasotzeko dugun eskubidea, lan egiteko ahalmena, gure erabakiak hartzeko eta bizitzan edozein postu –ez bakarrik lan-postu– betetzeko. Emakumeak ahalduntzen egin dugu esfortzua, baina lekua egin behar ziguten gizon hauei ez genien erakutsi bagentozela eta tokia egin beharko digutela, merezi dugulako eta haiek bezain onak garelako.
Gizartearen beste erdia aldaketarako hezteaz ahaztu ginen. Aldaketa hau onartzeko gizonaren harrotasuna baretzen ikasteko lanik ez dugu egin. Eta berriz ere, bakarrik gaude berdintasunaren alde bultza egiten.
Arrazakeriarekin ikusten diot antzekotasuna; norbaitek gure tokia, boterea, lana kenduko digun beldurrak sentiarazten digu mehatxua. Eta egin beharreko erreflexioa beste bat litzateke: orain arte hain argi geneukan gure bikaintasuna norbaitek kulunkarazten badu, agian ez ginen uste bezain bikainak.