Faxismoari arnasarik ez

Erabiltzailearen aurpegia Aitzol Lejardi 2026ko otsailaren 13a

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) Bilboko eta Iruñeko kaleak gaztez bete zituen urtarrilaren 31n. Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka lelopean batu ziren 10.000 pertsona baino gehiago.

Faxismoaren aurka antolatzea beharrezkoa da gaur egun. Nazioartera begiratzen baldin badugu, faxismoaren igoera nabarmena da. Ameriketako Estatu Batuetan Trumpen eskutik gobernu faxista bat ezarri da, ICEren bortizkeria eta inperialismo basatia dira ezaugarri agerikoenak. Europako Batasuna krisian dago, eta oligarkak irabaziak mantentzeko erreforma autoritario berriak artikulatzen ari dira hainbat estatutan; erreforma horiek industria militarra indartzea ekarriko dute. Adibidez, espainiar estatuan dagoen gobernu hiperprogresistak 30.000 milioi euro baino gehiago gastatuko ditu arlo militarrean 2026. urtean. Sekula inork ez du hainbeste diru gastatu arlo militarrean espainiar estatuan. Europako Batasuneko gainontzeko estatuetan antzerako gauza gertatu da: gastu militarra handitu egin da. Politika sozialdemokraten eta liberalen mugak hor ditugu; ezin dutenez bake sozial zabal bat eskaini, bide autoritarioa hartu behar dute, adierazpen faxistei bidea egin eta horiek indartzen.

Baina analisi internazionala alde batera utziko dut eta manifestazio hauen arrakastaren oinarrian dauden ideia nagusiak aipatuko ditut. Hasteko, argi eta garbi esan behar da: diskurtsoa moderatu gabe, jendea konbentzitu ahal da. Azken hilabeteotan ikusi da, U12 Gasteizen edo Vito Quiles Iruñean. Diskurtso eta jokaera antifaxista aratz eta arrazional batek jendea erakartzen du. Bestetik, gazteak mobilizatzen dira eta interes politikoak dituzte; manifetako argazkiak ikustea besterik ez dago. Militantzia eredu diziplinatu batek fruituak ematen ditu, eta, azkenik, manifa ez da bukaera, hil edo biziko borroka luze baten hasiera baizik.

Inork ez du esan erraza izango zenik, baina gauzak argi daude: frustrazioaren inpotentziatik antolakuntzaren potentziara, gazte langileak lehen lerrora!