Memoria

Erabiltzailearen aurpegia Amatiño

Gipuzkoako zenbait udaltzain Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean tiro-praktikatan aritu direla-eta, hautsak astindu dira alderdi politikoen artean.

Egia da Intxaurrondo polemikoa dela, kuartelak torturaren eta gerra zikinari lotutako iragana duelako. Egia ere bada, Arkaute dela euskal erakundeek bideratu duten akademia euskal polizia taxutzeko. Baina ez dut uste zilegi denik esatea, ostera, bakoitzak gustukoen duena hautatu dezakeela, ze, aukera hori izatekotan, hainbatek nahiago luke-eta Intxaurrondo edo Arkaute ixtea.

Behar bada, gertatuaren muinean bada arazo larriagorik, hau da: memoria galtzea. Udaltzaina Intxaurrondora bidaltzen duen karguak ez daki Intxaurrondoren berri. Edo ahaztu egin zaio edo ez du inoiz jakin. Ez zaio ardura. Miguel Angel Blanco ermuarra nor izan zen jakitea ardura ez zaionari bezala.

Berrogeita hamar urtetik beherako herritarrek beti ezagutu dituzte Lehendakaria, Osakidetza, Euskal Eskola, Ertzaintza edo ETB. Uste dute beti izan dela horrela eta beti izango dela. Baina ez: izan zirelako bagara… arrazoi berberaz, ez garelako ez dira izango.