Berrizko mallabitarra

Erabiltzailearen aurpegia Anakotz Lasarte

Duela hiru bat aste, dei bat jaso nuen BARRENA aldizkaritik: "Mallabiko pertsona baten bila gabiltza idazteko noizean behin". Segituan etorri zitzaidan burura Eneritz Aranburu herritar eta lagunak bertan egin zidan elkarrizketa, zoragarria benetan. Beraz, ezin ezetzik esan.

Berrizen jaio eta bizi 38 urtean, Mallabia herriarekin topo egin nuen arte. Lehenengo, lanean hasi nintzen bertan; lanari esker, nire bikotekidea ezagutu nuen; eta orain, bertan bizi naiz emaztearekin eta semearekin. Berrizko mallabitartzat dut neure burua.

Mallabia herri txiki, bihotz handi da, lasaia bizitzeko; denok ezagutzen dugu elkar. Asko eskertzeko daukat Mallabiari eta mallabitarrei. Hasieran, oso harrera ona izan nuen, nola ez ba, "herriko koruko zuzendariaren mutil-laguna izanda...!".

Bastida taberna zen herriko zentru kulturala; bertan batzen ginen asteburuetan bizitza soziala egiteko. Taberna horrek asko erraztu zidan jendea ezagutzeko garaian; denok bertan batu, denok denokin hitz egin…. Berrizen egiten genuen moduan Fonda tabernan, Mallabian berdin Bastidan.

Hamabost urte daramatzat harro eta pozik bertan. Asko eman didan herria da. Familia zoragarri bat, lagunak, maitasuna eta errespetua, laguntasuna eta berotasuna.

Herri alaia eta gogorra da Mallabia. Nik daramadan denboran, makina bat herritar agurtu dugu; bai familiakoak, baita herritar gazteak ere: Egoitz, Igor, Ander... Agur krudelak, herria batu duten agurrak. Beti egongo dira gure memorian. Bizitzak horrela nahi izan du, onartzea besterik ez daukagu.

Mallabia, herri emankorra, herri eskuzabala benetan ere. Aitatxo dokumental-proiektuaren hasieran zerikusi handia izan zuten herritarrek. Crowdfunding bat egin zen finantzaketa lortzeko eta erantzun brutala eman zuen herriak. Babestua sentitu nintzen. Oraingoan, Aitatxo-ren kamisetak, poltsak eta tazak ere badaude herrian zehar; polita da jendea horiek soinean ikustea. Umetxoek ere badaramatzate, askotan eskolara doazenean, eta ni harro eta pozik.

Mallabia, herri txiki eta bihotz handi, oso eskertuta eta harro zuetariko bat izateaz.