Berandu baino lehen

Erabiltzailearen aurpegia Ander Oñate Ezenarro 2026ko otsailaren 1a

Haginak Kainoi fabrikaren inguruan.

Soraluzeko herritar eta lorezaintzako profesional gisa, 2006an ikasketak amaitu nituenetik eta, batez ere, 2016an nire kontura lanean hasi nintzenetik, gure herriko landarediaren kudeaketa gertutik jarraitu dut. Azken boladan bizitzen ari garen egoeraren aurrean, nire esperientzia eta kezkak publikoki partekatzea erabaki dut, egoera jasanezina dela uste baitut.

Ez da nire asmoa polemika hutsa sortzea, baizik eta gure herriko landaredi eta espazio berdeen balioaz eta burutzen diren ekintzetaz hausnarketa zintzo bat sustatzea.
 
Duela gutxi, tokiko prentsan irakurri nuen EAJ/PNV taldeak Plaza Zaharreko zuhaitz baten eta adar batzuen mozketa kritikatu duela, 200 urteko zuhaitza dela argudiatuta eta irtenbide teknikoak eskatuz. Albiste honek sentimendu kontrajarriak eragin dizkit. Alde batetik, poztu egiten nau, behingoz, arduradun politikoek gure landarediarekiko interesa erakusteak. Bestetik, ordea, harrigarria eta, nolabait esateko, bidegabea iruditzen zait azken bi legegintzaldietan herriko landarediaren galera handienaren ardura izan duen taldeak orain halako kritikak egitea. Badirudi batzuek mendian lau landaretxo landatu eta argazkietan ateratzearekin zuritzen dutela euren burua.
Jarrera honek, min ematen dio landarezaintza maite eta hortan lan egiten duen orori. Landatutako landaretxo horiek zuhaitz bihurtzeko urte asko eta zainketa handiak behar dituzte, batez ere behar izaten dutenean, gaztetan, eta hori gabe, erdiak ez dira inoiz heldutasunera iritsiko.
 
Nire haserrea hobeto ulertzeko, testuingurua eta datu zehatzak ematea komeni da, azken hamarkadan Soraluzen gutxienez 50 zuhaitz galdu ditugula kalkulatzen baitut, askotan arrazoi tekniko argirik gabe eta tratu txarrak medio. Hauentzat beranduegi da tamalez, baina oraindik garaiz gaude...
Hona hemen 2016tik hona gertatutakoaren laburpen kronologiko txiki bat:
Lehenik, 2016 inguruan, Poligonoko triskantza gertatu zen. Han, hostaje moredun loraldi ederreko gutxienez bospasei okaran (Prunus pisardi) hil ziren eta beste hainbeste arbola zauritu zituzten. Herri osoan apenas geratzen da espezie honetako alerik. Ondoren, 2016 edo 2017an, Errekalde eta Gipuzkoa Etorbidean dozenaka landare,  lizar,(Fraxinus) urki (Betula)eta haltz (Alnus) galdu genituen. Galera hauen aurrean ezin sinetsita, udalera jo nuenean, herritar eta lorezain gisa, jaso nuen erantzuna etsigarria izan zen: "zuk ez dakizu honek nola funtzionatzen duen" esan zidaten, eta proiektu tekniko bat proposatu nienean, iada garatua nuena, dirurik ez zegoela eta jada bazituztela horretarako enpresak eta langileak erantzun zidaten.
 
Jarrerak eta politikak aldatzen ez zirenez, egoerak ez zuen hobera egin hurrengo urteetan. Iturburu pasealekuan (2018-2019) beste hainbat magnolio (Magnolia grandiflora) , zedro (Cedrus atlantica) eta okaran (Prunus) moztu ziren. Herritarrak ere manifestatu ziren orduan. Eremua bizpahiru aldiz txukuntzeko saiakera egin zen emaitza eskasekin. Azkenean, eremu horren ardura 2021ean hartu nuen egun duen itxura emanez. Gabolats Goian ere (2020), palmera kanariar handiak (Phoenix canariensis) ta zuhaixkaren batzuk ere kendu ziren.
Baina, agian, gertakari larririk salagarriena Frontoi inguruan gertatu zen 2020an. Han, gure zuhaitz sakratua den eta aspalditik legez zorrotz babestuta dagoen Agin bat (Taxus baccata) moztu zuten. Asaldaturik, berriz ere azalpen eske joan nintzenean, erantzuna sinesgaitza izan zen: "uste izan dugu abeto bat zela"...
Gainera, inolako irizpiderik gabe beste mozketa batzuk ere izan ziren. Beste "pisardi" bat eta Cuppressocyparis"Leylandii" heskaia osorik eta eskilaren kontrako beste zuhaixka batzuk. Moztutako heskaiaren ordez espezie bereko beste bat landatu zuten toki berean, zentzu gabeko lana nire ustez, astakeria galanta.
 
Jarrera eta politika hauek historikoki landutako eredu antzuan oinarritzen dira eta emaitzak bistakoak dira. Bada garaia gure landareak eta lanbidea bera balorean jartzeko.
Tamalez, jarrera hauek ez dira iraganeko kontua soilik. 2024tik gobernu berria dugun arren, 2025ean ere , erraz beste dozena erdi zuhaitz akabatu dira herrian, inolako zehaztapen tekniko zehatzik gabe: Ezozi bideko eraberritze lanetan, lizar ilara osoa eta beste, Gabolats altuko Yucca edota Errekaldeko Thuja handiak dira horren adibide. Nahi duenak egiazta dezake galera hau Ortofotos Gipuzkoa atarian, urteetako bilakaerari begiratuta. Eginda neukan inbentarioko arbola erdiak ez dira existitzen jada.
Guzti honen aurrean, galdera zuzen bat egin nahi diet gure arduradun eta herritar guztiei: noiz jarriko dugu gure herriko ondare berdea benetako balioan? Nire ustez, ezin dugu zaindu ezagutzen ez duguna. interesgarria litzateke herriko landareen inbentario tekniko bat egitea,  zer daukagun jakiteko. Ni beti egon naiz prest lan horretan laguntzeko, politika hauek aldatzeko eta balio naturalari bere lekua emateko, baina behin eta berriz "politikariekin" topatu naiz, eta ez teknikariekin.
 
Iluntasun egoera honen aurrean gauza positiboak ere baditugu, ordea. Atxuriko parkean, paretaren kontra eta Kañoi fabrika ondoan, obren ondorioz izkutatuta geratu diren pinu itxurako zuhaitz itsusi antzeko horiek ere,  Aginak dira. Zaindu ditzagun! Herrian zehar oraindik badira balioan jarri eta babestu beharreko arbola ederrak.
 
Hala ere, eztabaidan ñabardura bat egin nahi dut. Erabaki baten atzean arrazoi tekniko, ekonomiko edo segurtasunezkoak badira, eta hauek hobekuntza ekarriko badute, onartu egin behar izaten dira. Baina erabaki horiek marko profesional eta tekniko batean oinarritu eta adostu behar dira. Politikariek ez dute zertan teknikari izan, baina komenigarria litzateke Udalak teknikari talde bat izatea eta haien zein langileen iritzia kontuan hartzea. Zenbat eta iritzi profesional gehiago kontrastatu, erabakia justuagoa izango da guztiontzat.
Hausnarketarako adibide bat: nork du erantzukizuna Agin bat mozten denean? Proposamena egiten duen herritarrak? Hura baloratu behar lukeen teknikariak? Agindua ematen duen politikariak? Edo motozerra sartzen duen langileak? Langileak formazioa eta esperientzia izan behar luke Agin bat ez mozteko, baina nire ustez, erantzukizun nagusia lan hori agindu eta ahalbidetzen dutenena da. 

Politika ez da lau urtez behin botoa ematea soilik; eguneroko erabakietan dago gakoa: antolakuntzan, elkarlanean eta, batez ere, elkarren eta ingurunearekiko ezagutzan, zaintza lanetan eta errespetuan. Garaiz gaude oraindik gauzak hobeto egiteko, baina denon inplikazioa behar genuke. Soraluzek merezi du bere zuhaitzak, landaredia eta ofizioa balioan jarriko dituen kudeaketa profesional eta sentikor bat. Berandu baino lehen, ekin diezaiogun bide horri.
Eskerrik asko!
 
Ander Oñate