Emozioa, oilo-ipurdia, indarra, malkotxo bat… ederra da kanpoan egonda eguneroko scroll-a Korrika zuzenean ikusteagatik aldatzea. Nire ikasleek, Korrika non dabilen baino gehiago, Youtubeko kanalean zenbat ikusle dauden galdetzen didate egunero, ezin sinetsi astelehen goiz batez bi mila pertsonatik gora egon daitezkeela horri begira.
Agian, euskara bizitzeko modu bat da, zerbaiten parte garela sentitzekoa, gure eguneroko erdi-monotonoetan euforia sartzekoa, eta nahiz eta gutako askok euskara zentroan jartzeko aukera dugun –eta gehiegitan horretarako hautu kontzientea egiten dugun–, ezin dugu ahaztu salbuespen-egoera optimista dela egun hauen bueltan gertatzen dena.
Euforia optimista honetan hegemonia txiki bat lortzen du Korrikak –eta, ondorioz, euskarak–, irudipen moduko bat, ia hizkuntza eskubideak eta pribilegioak nahastera garamatzana. Horren adibide da Errenteriako OPEaren kasuan CCOOk erakutsitako euskarafobia eta euskarari egindako eraso kontzienteak, eta, aldi berean, autokritikatik urrun, Korrikan parte hartzeko izan zuen hasierako asmoa.
Euskarak bultzada handia behar du, baina ez al dago horren aurretik koherentzia eta euskara propaganda moduan ez erabiltzea? Lekukoa eramatea edo publikoki euskararen aldeko jarrera erakustea ez dira bere horretan euskararen aldeko ekintzak.
Hegemonia txiki eta ametsetako hori gure alde erabiltzea da gakoa, egun optimistak luzatzea. Gure hizkuntza eskubideak urratzen dituztenen itzalean bizitzen ikasi behar izan dugula, une oro geure burua defendatzen, oldarraldien eta erasoen aurka, beti aurka. Behingoz espazio publikoa geureganatzen dugun egun hauek zerbait irakasten badigute, politikoki zuzena den horretatik haratago joan, eta lurraldetasuna eta harrotasuna erdigunean jartzea da. Ez dakit gero zer gertatuko den, baina optimismo honi domekara arte eutsiko diogu, ezta?