Sortu eztabaidak, elkartu, hitz egin, galdetu, partekatu

Erabiltzailearen aurpegia Ane Astiazaran

Askotan gertaera konkretuak izaten dira herri mugimendurik indartsuenen eztanda sortzen dutenak; premiazko produktuen prezioen edota erregaien gorakada izan diren moduan, Maricarmenen etxegabetzea izan da azken egunotan. Badakigu, ordea, eztanda horiek urteetako amorruaren ondorio baino ez direla izaten.

Zaila zait ulertzea zenbateraino normalizatu dugun etxebizitza merkatu logikak jarraitzen dituen salgai moduan ikustea. Putre-funtsak nonahi, ia existitzen ez den etxebizitza parke publikoa, eta kapital ekonomiko handiena pilatzen duten norbanakoek erabakiko dute non kokatu: alokairua arrazoizko prezioan jarri –maizterrak bere diru-sarreren %30 eskaini beharko lioke etxebizitzari horretarako– edo merkatuaren logiketan erori. Arriskua, handiegia; izan ere, errazagoa da norbanakoen artean eztabaida deserosoak izan beharrean erosahalmen handiena dutenek etxebizitza inbertsiorako erabili eta ahalik eta etekin handiena ateratzea.

Edozelan ere, eztabaidak ez luke moraletik jo behar; etxebizitzari buruz ari garenean askotan geure buruari begiratzen diogu, egunero nora itzuli izatearen pribilegioari, lasaitasunari, ziurgabetasun egoerari, kontratua bukatutakoan beste behin prezioa igotzeko beldurrari edota kaleratzeari. Hori, hein batean, saihetsezina bada ere, askoz interesgarriagoa iruditzen zait larrialdi egoera honi bere-berea duen dimentsio kolektiboa aitortu eta erantzuna modu politiko eta antikapitalistan ematea.

Honek guztiak eztanda Maricarmenekin egin badu ere, 2008tik espainiar estatuan milioi bat etxegabetze baino gehiago gauzatu dira, eta gure erosotasunak kontrakoa pentsatzera eraman ohi bagaitu ere, gertuago gaude Maricarmen izatetik edukitzaile handi izatetik baino. Ez da, beraz, urruneko kontua, eta espekulazio bortitz honen aurrean eman dezakegun lehen pausoa etxebizitzaren krisi hau norbanakoarena baino kolektiboagoa dela ulertzea da, sortu eztabaidak, elkartu, hitz egin, galdetu, partekatu, antolatu eta historiaren alde hau edo hura.