Gizakiaren historian elkarbizitza etengabeko lehia izan da eta hala jarraitzen dugu, batzuen lagun eta beste batzuen etsai, mugak eta gotorlekuak eraikiz. Harresiak eta gazteluak ziren feudalismoan eta armaz zaindutako mugak, ondoren. Prehistorian, klima, pizti eta gainontzeko etsaiengandik babestuz bizirauteko grinak arrastoa utzi du guregan. Esan liteke gizakiak beldur atabikoak somatizatu egin dituela; hau da, aspaldiko beldur eta izuak soinean daramatzala eta horren eragina nabari dela muturreko jarrera eta ekintzetan. Batez ere, eskuin muturrean. Badirudi arazo korapilatsuak, alde eta ertz asko dituztenak, sinplifikatuz, pobretuz lortu nahi dugula; kosta ahala kosta, geure segurtasuna bermatzea. Ez dira, ez gara konturatzen aniztasuna kudeatzeak denontzat ekar ditzakeen abantailek zein neurritan hobetuko luketen gizarte eta nazioarteko elkarbizitza.
Europako historian, merkataritzak hala eskatuta, lur arteko itsasoa, Mediterraneoa, bihurtu zen mendetan zehar mugaz gaindiko gizarte berriak behar zuen jokaleku zabala. Mare nostrum (geure itsasoa) izendatu zuten erromatarrek mugaz gaindiko inperioa. Nazioez gaindiko beste inperio batzuek eraman zuten gero estatus berriaren gidaritza; kristauak eta katolikoak zein islamistak mendi, ibai eta harresien gainetik elkartzen zituen erlijiozko batasunaren bidez. Beti erabili izan dira, bai erlijioa eta bai hizkuntzak, mugaz gaindi herrien identitatea eraiki eta mantentzeko arma gisa. Itsasoz zabaldu zen Erromatar Inperioan latinaren nagusitasuna; itsasoz lortu zuen, halaber, ingeles hizkuntzak XIX. mendean bere nagusitasuna, itsas nabigazioan lortutako supremaziari esker. Merkataritza, ekonomia, izan da hizkuntzen bilakaera ezberdinen ardatz.
Gaur, arraza, hizkuntza eta kulturen amalgama korapilatu honetan, gero eta gutxiago balio dute lehen herri baten kohesiorako funtsezkoak ziren ezaugarriek. Txiki bihurtu zaigu mundua, eta, berezitasunak berezitasun, gizarte osoaren ongizateak gidatu beharko lituzke gidarien asmo eta ekintzak. Lan zaila izango dugu Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko tenkak lasaitzen, zein Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko amildegia berdintzen.
Boteretsu izan diren estatuek nostalgia dute euskarri. Hala, AEBek (Amerika first), Britainia Handiak (Commonwealth, brexit-a), Frantziak (Napoleon amets), Espainiak (Inperio Gaztela-katolikoa), Italiak (Erromatar Inperioaren distira) zein Turkiak (inperio otomandarra)… algia horrek mina adierazten du. Garai batean izan zinen horretara itzuli nahi eta ezinak sortzen duen nahigabea. Historiaren aldi zehatz batzuetan euren funtzioa bete zuten antolamenduek ez diete, ordea, gure gizarte globalizatuaren beharrei erantzuten. Utopikoak eta ukronikoak dira, baina nostalgikoek iragana idealizatzeko joera dute, bai hala sinesten dutelako edo konforme ez daudenak amuan kateatzeko asmoz. Arrantzu ona egiten dute, gainera. Gabiltzan adi, berez mugarik gabea den gure planeta zaindu eta elkarbizitza orokorra sustatzeko proiektuak burutu eta, gorrotoa eragiten duten injustiziak gaindituz, utopiak gauzatuz, negar eta barre elkarrekin egin dezagun.