Anaia nagusietako bat joaten zen gudarien aginte-postura, aitarentzat salbokonduktoa eskatzera. Herrira zerbait egitera joan nahi bazuen, haren beharra zuen. Ni oraindik jaiotzeke. Etxean entzundako historia hauek Milloitik mundura (2008) liburuan emanak ditut, xehetasun eta guzti, baina gaurkoan lapikoak eraman du nire memoria urte haietara. Bi urtetik behin, ia hutsik egin gabe, seme edo alaba berria iristen zen gure sukaldera. Hala iritsi zen orain Italian ezkonduta bizi den nire arreba nagusietako bat, Julia (Giulia), 1936ko urrian. Frankistek botatzen zituzten kainonazo banakak, Eizmendi eta Milloi gaina huts eginda, gure baserriaren (Ikaran Nagusia) teilatu gainetik pasatzen ei ziren txistuka eta alboko soroan dsaust! sartu. Aitzurrarekin lanera ateratzen zirenek, burutik behera zakua babes… "txaleko antibalas".
Kontua da frankistek aurrera egin zutenean, 1937ko udaberrian, Lekeitio aldera bidean, gure baserria hartu zutela afaldu eta gaua egiteko ostatu. Hala bete zuen gurean gau bat kapitain estremeñua zuen italiar konpainia batek; Mussolinik bidalitako camicie nere (alkandora beltzak). Gauean, arto eta esnea afalduz, 5 hilabeteko Julia (Giulia) zerabilten besoz beso eta ferekaz fereka. Ama zenak esaten zuenez, haiek ez zuten gerrarako afan handirik. Euren etxeetan utzitako guraso eta umeen akordua nagusi, kontizu. Nola diren kontuak! Gaur egun Italiako Piamonten bizi da arreba Giulia, bere familiarekin, umetan entzundako hizkera musikatuz inguraturik.
Itzul nadin lapikora. Julia jaio zenean frontea geldi zegoen Milloiko Eizmendin, eta bataiatzera Amorotora eraman behar. Orduan, bataiatze kontu horrekin erne ibili beharra zegoen. Bataiatu barik hilez gero, umeak ez zirela zerura joaten. Linbo-ra joaten zirela. Horregatik prestatu ziren anaia eta arreba nagusia umea Amorotora eramateko. Hango apaizak galdetu zer izen jarri nahi zioten jaioberriari, eta, dudak uxatu nahian esan: "Ez emon buelta asko. Bardin da Lapiko jarrita be".
Gerora, zenbat barre eta algara izen hori dela eta! Ondo pentsatuz gero, denok gara zeren edo haren lapiko.
Lapikoa eta lapikokoa funtsezkoak dira bizirauteko. Euskaran askotan agertzen den hitza edo berba: berbalapiko, kontakatilu, hitzontzi. Tontolapiko ere oso erabilia da, eta askotan ez motibo barik. Gezurlapiko, kexulapiko, ozpinlapiko... Gure Milloiko auzo eskolan (p)uzkerlapiko deitzen genion bat daukat gogoan. Hark ere emango zituen motiboak.