Izendegia

Erabiltzailearen aurpegia Angel Ugarteburu 2026ko maiatzaren 15a

Aspaldi entzundako kontaera batekin hasiko naiz: auzoan mutiltxo bat jaio dela eta, joan da Joxepa jaioberria ikusi eta gurasoak zoriontzera. Sukalde bazterrean izara eta abar jantzitako sehaskara hurbildu, eta horrelakoetan esaten dena bota du, umea ikusi baino lehen: – Eeene! Aita iguala, klabau! Zer da kontua eta... umerik ez. Lapiko bat, deskuiduan han lagata.

Umeari izena jartze horrek eman izan du eta ematen du hainbat buruhauste. Bada esaten duenik pertsona bat nolakoa den ikusi eta gero, eztilapiko zein ozpinlapiko, jarri behar direla izenak. Gaitzizenek betetzen dute hutsune hori. Hormako egutegi-takoak zabaldu ahala, Elizak hala gomendatuta, eguneko santu edo santaren izena jartzea jarri zen modan. Hara lana erraztuta. Paskasio, Tiburtzio edo Gertrudis tokatuz gero, "lepoan hartu eta segi aurrera".

XIX. mendearen bukaera aldera Sabino Aranak bere euskal izendegia eman zuenean hasi zen aldaketa. Durangoko idazle euskaltzale handiak, P. Paulo Astarloak, egindako azterketa eta aholkuak jarraituz, emakumeen izenek e hizkiz amaitu behar zuten: Jone, Igone, Ikerne, Ibone, Josebe, Eguzkiñe... "eme" izateak eskatzen duenez, eta gizonezkoenak a hizkiz, arra izateak eskatzen duenez: Koldobika, Jagoba, Joseba, Ebaista, Gorka, Errikarta... Astarloa, abade izanda, konturatu ei zen umeak bataiatzera eramaten zituztenean emeek "eeeee" egiten zutela eta arrek "aaaaa" negar edo arrantza.

Bitxikeria jakingarria. Belarri finekoa Astarloa hori.

Euskaltzaindiak ere atera zuen bere euskal izendegia eta hormako takoari lekua kendu. Pertsona nagusientzat buruhauste bihurtu zen izen berriak ikasi eta gogoan hartzea. Hala gure auzoko Isidrarentzat. Semea ezkondu eta alabari modako Aitziber jarri ziotela: – Zorionak, Isidra! Bilobatxoa euki dozula. Zer izen ipini dautsozue ba? – Dautsozue ez, dautsie! Nik dakit ba? Aizie... Aizibe edo holako zeoze. Oraingo modakue.

Bigarrena ere etorri zen, mutiltxoa. Zorionak berriro: – Osatu zarie ointxe. Zer izen ipini dautsie ba? Jakin nahi auzoan. – Oingo modakin zabiz? Lehengue, haxe oin be, Haxie. Oraingoan semea suertatu da bertan eta hark zuzendu du ama: – Baita zereko haxie! Asier dala ba, ama, Asier!

Nire arreba batek Markinan entzundakotik beste hau. Bilobatxoa izan berri Basilia eta joko-lagunekin solasean: – Bilobatxoa izan dozuela, Basi! – Bai, ez geuria dalako, baina neskato ederra jaio da. – Izena? – Hara! Esateko be... Oilanda ipini ei deutsie. Kristauari ipintzeko horraitio! Gaurko modak. Joko-kideak irri eta barre. Hariari tira ere bai:

- Mutila izan bazan Oilasko, orduan. Hala tokatzen da, Etxera itzuli denean alabaren bronka: – Zu be! Oilanda zelan jarriko geuntsan, ba! Yolanda dala, ama, Yolanda!