Hegoaldean, dakigunez, 1815ean eman zuen argitara Jose Pablo Ulibarrik lehen Egutegi eusquerascoa. Geroztik, asko izan dira euskal baserritar zein kaletarren informazio-premia egutegi bidezko euskara errazean betetzeko ahaleginak.
Horma-egutegiak eta takoak, aproposenak eta erabilienak. Hala ezagutu genuen etxean, urtez urte, potolo-potolo hasi eta, egunean orri bat galduz, argaltzen zen Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia. Euskaldun askorentzat, santu-santa, ilargi, itsas mareaz aparte, igande bakoitzeko ebanjelio, euskal atsotitz, ipuintxo eta txistez hornituriko orritxo haiek izan ziren lehen alfabetatze eskola. Mensajero aldizkariaren itzalean ere atera zuten geroago jesuitek; gazteleraz, lehenik; eta gero, euskaraz ere bai.
Gurean kortako ganaduentzat ere erabilgarria izaten zen egutegiko orritxoa. Behia noiz umesketu (ume+eske) zen edo idizkoak noiz estali zuen gogoan hartzeko, han jartzen zen orri hori, bere askaren ondoan. Behia altan, araldian (ar+aldia) zegoenean esaten zen umeske zegoela eta etxeko zein auzoko arrak –idizkoa edo zezena– modu naturalean estal zezan hurbiltzen genuen harengana. Asto emearekin ere gauza bera egiten genuen, astarrarengana hurbildu.
Gero etorri zen xiringa bidezko ziztadaz egiten den intseminazioa, XX. mendearen azken tertzioan. Gaur, ganaduzaleak berak erraz asko egiten du hazi-jartze edo intseminazio hori. Horren harira, entzuna dut baserritar batek nola deitu zion orduan herrian zuten telefono publiko bakarretik, denek entzuteko moduan, Berrizko albaitari erdaldunari:
"¡Veterinario! Que venga a Mallabia, caserio Goitxa, para hacer exibision a la vaca".
Barregarria bezain ulergarria. Ez da, gero, broma bat-batean luzera horretako hitz bat ondo esatea!
Jaioberriei izenak jartzeko orduan ere eragin handia izan zuten egutegi-tako horiek, baina horrek beste atal baterako ematen du.