Garaua (alea) sustraietatik bezala, hala gure nortasuna ere. Gara aditzak garauarekin lotura zuzenik ez badu ere, funtsean gauza bera esatera dator: fruitu-arbolak eta beste landare guztiak lur bereko sustraietatik elikatuz garatzen diren bezala, naiz, zara eta dira guztiak bat egiten ditu gizatasunak; aberatsago, indartsuago egiten gaitu, gara bihurtzen gaitu, natura eta gizartearekin harremanetan osatu baita gure garuna (garauna). Arazoak arazo eta gabeziak gabezia, gure arbasoek guk baino harreman orekatuagoa zuten naturarekin. Hizkuntza bera ere, biziraun beharrez, naturarekin harremanetan sortutako erreminta da. Ez gure kasuan bakarrik. Hala izan da hizkuntza guztietan. Sustraiak lur beretik elikatzen dira. Bizi garen egoitzak, lurrak, elkartzen gaitu destino berean.
Aspaldi honetan, azken 100 urte hauetan nabarmen, sustraiak ahaztuta adarretatik gabiltza. Elkarrekin behar luketen Naiz eta Gara banandu, dibortziatu balira bezala, lurrean bat egiten gaituen enborraz ahaztuta. Oreka galduta, nor gailendu, nork irabazi, garapen irenduaren bidetik, lorpen erraz eta hurbilaren aldarean gizarte osoaren garapen orekatua sakrifikatuz. Hala, hitzak ez ezik, gutako bakoitza ere zenbaki bihurtu gara, beste batzuen negoziogai.
Kristo aurretiko Konfuzio txinatar jakintsuaren esaldi batek ederki adierazten du hemen esan nahi duguna: "Gidari on batek badaki zein den egia; gidari txarrak, ordea, salmenta du helburu". Gizarte osoaren onurak eraman gaitzake gure eta naturaren bilakaera eta garapen orekatu batera. Mendebaleko zibilizazioak, ordea, pertsona isolatuen arrakasta eta bakarkeriara ekarri gaitu, askotan bakoitzaren irabazi azkar eta neurri gabeari begiratzen baitiogu, eta ez gizarteari edo naturari. Hizkuntzak eta harremanak bere barneko zentzua galduz, zenbaki edo azaleko tresna gisa erabiltzen ditugun seinale.
Teknologia berrien bidez manipulatuz, hitzak zenbaki eta gure harremana lehia huts bihurtu duten agintariek amildegira garamatzate. Naturarekin harremanetan, han eta hemen, sortu ditugun hizkuntza guztiak dira errespetagarri. Har ditzagun aintzat, baina geurea ere aintzat hartuta, harmonia osatuz. Hizkuntza gutxituok badugu nahikoa lan irudimenez eta militantziaz jokatzeko. Ba ote gara?