Itsasontziz hilabete baino gehiagoko bidea egin behar han bizimodua erraztuko zion lansaria irabazten hasteko. Urte batzuetan diru apur bat aurreztu eta gero itzuli zen hemen zeukan neska-lagunarekin ezkontzera, eta berriro jarri ziren biak harako. Orduan hasi nintzen ditxosozko ok (okey) hori entzuten. Ondo dago, ulertu dut, konforme, adierazten zuen. Batez ere, gauzak ondo zihoazela edo ondo lortu zirela adierazten zuen mezu baikorra. Ingalaterran, Estatu Batuetan, Australian –Commonwealth osoan– hain ohikoa zen adierazpide edo makulu hori, 60 urte geroago, nagusitu da gure artean ere.
Dena ok, dena ederto joango balitzaigu, bai ederto! Izan ere, ok horren jatorriaz aztertzen hasi, eta baratzea sasitza bihurtzen zaigu. Batzuek diotenez, all (oll ahoskatua) c(k)orrect litzateke jatorria; dena ondo, alegia. Beste batzuen ustez, ostera, XIX. mendean, iparamerikarren arteko gerra zibilean du jatorria. Borrokalditik bueltan arrakastaren mezua izaten zen hatz lodiaz eta erakusleaz zero biribil bat eginda troparen buruak adierazten zuena: 0 killed (zero hildako); bere aldekorik ez zela inor hil. Aurkarien konturik ez. Edo bai... zenbat eta etsai gehiago akabatu hobeto, 0k ozenagoa.
2026ko urtarrilaren 3an, gure Naranjito ospetsua, Venezuelan, bere etxeko komunean bezala sartu zenean ere, dena izan zen 0k, "zero killed", hildakorik ez, bajarik ez. Hala sinetsi genuen euren balentriaren berri, modu arranditsuan eman zutenean. Baina kasu horretan ere, beste aldeko hilak ez zituzten aintzat hartu, eta ez ziren bi edo hiru, ehundik gora baino.
Gerraren logika eta helburua horixe baita: etsaia edo aurkaria akabatzea. Erromatarren sasoitik ezagun den esaldiak bere zentzu guztia hartzen du: Vae victis: errukarriak garaituak, justiziak ez baitu eserlekurik arma bidezko lehian. Ezpata agintari orduan eta orain erasotzeko artilugio berriak.
Asko behar dutenak aseezinak dira eta mundu osoa bihurtu dute borroka-zelai eta injustiziaren basamortu. Elkarren beldurrez, garaitu eta nagusitu beharrak geure etxearen teilatua harrikatzeraino ekarri gaitu. Natura errukarria! Kutsadura eragiten duten moduak saihestuz, energia-iturri garbiak erabiltzeko bidean geundela ematen zuen, baina atzeraka goaz, bakoitza bere zilborrari begira, arnasten dugun airea, edaten dugun ura eta jaten dugun elikagaia kutsatzeraino. Animaliek berezko senez jokatzen dute eta ingurua aintzat hartzen. Hain goraipatua den giza adimenaren emaitzak, ostera, geure etxea hondatzera eraman gaitzake. Dirua, negozioa, kapitala jarri da gidari, eta gizakiok kapitalaren, boterearen, atzean babesturik goaz noraezean. OK esaterik ba al dugu, norgehiagoka zoroan geure eta gure ondorengoen kaltetan ari bagara? Ez nuke nahi mezu ezkorrean behera irristatu, baina entzun, ikusi eta nozitzen ditugunak kontuan hartuta, badirudi beste OK tamalgarri batera bidean goazela: All(oll) killed. Diruaren eta boterearen mesedetan naturaren eta gizartearen arteko oreka galtzea litzateke porrotik handiena.