Geodibertsitatea kontzeptua 2008an entzun nuen estreinakoz, eta, gainera, nire harridurarako, Debabarrenari aplikatua. Kontzeptu horren sortzaile Jose Francisco Santos EHUko katedradun eibartarrari entzun nion, non eta Fosilen eta Mineralen Elgoibarko Museoan. Debabarreneko geodibertsitatea aldarrikatu, ikertu, ezagutarazi eta babestu beharraz aritu zitzaidan. Santosek beharrezkotzat jotzen zuen gure eskualdeko geodibertsitatea ikertzeko eta haren dibulgaziorako zentro bat eraikitzea, ikertzaileei eta, oro har, interesa izan zezaketen guztiei eskainia.
Ezin ezkuta dezaket Debabarreneko geodibertsitatea ezagutzeak nigan sortu duen lilura. Espeleologo gisa beti izan dut interesa geologiarekiko, eta, bereziki, karstologiarekiko, baina egun hartatik aurrera beste begi batzuekin erreparatu izan diot gure inguruko paisaia ikusgarriari, bai eta geologiari ere. Hori esanda, gehienok ulertuko duzue zerk eraman nauen Debabarreneko paisaia eta paraje bereziak eta Mundu harrigarria liburuak idaztera. Debabarreneko geodibertsitateari egindako ekarpen xumea dira bi lan horiek, Santosek Elgoibarrera egindako bisitari zor dizkiodanak.
Elgoibarko MuFoMi
Debabarreneko geodibertsitatearen berri izanda, ez ninduen harritu gure eskualdean geoparke bat sortu nahi izateak. Munduko gauzarik logikoena iruditu zitzaidan. Hala ere, jakin nuenean geoparkeak kostaldeko flyscha eta karstaren zati bat baino ez zituela hartuko, iruditu zitzaidan oso motz gelditzen zela; are gehiago, geodibertsitatea kontzeptua aipatzen zutenean. Nola zitekeen Debabarrena erdia baino gehiago kanpoan uztea? Gure ustez, planteamendu kontraesankorrekin abiatu zuten proiektua, eta denborak, arrazoia eman digu.
Hala eta guztiz ere, hasiera batean Euskal Kostaldeko Geoparkearen proiektuan Karstaren Ibilbidea agertzen zenez Flyscharen Ibilbidearen ondoan, iruditu zitzaigun geoparkea onuragarria izan zitekeela Debabarreneko karst osoarentzat. Harrigarria bada ere, eta beti gure espeleologo-mentalitatetik erreparatuta, oso etsigarria egin zitzaigun, beraz, Mendarok Euskal Kostaldeko Geoparkean sartzeari uko egitea, uste baikenuen aukera paregabea galtzen zela karsta aldarrikatzeko, bai eta Unescok geoparke bati aitortzen dion balizko babesa eskuratzeko ere. Egia esan, Mendaroko karstak eta Lasturko ibar itsuaren goiko erdiek badute babes halako bat, lurpeko urak babesteko Uraren Europako Agentziak ematen duena. Uraren Europako Agentziak dio giza kontsumorako ur-hartune guztiek dagokien babes perimetroa izan behar dutela. Horrek zehazten du babestu beharreko eremua zein den, zeintzuk diren hartu beharreko babes neurriak eta nola arautu behar diren eremu horietan egiten diren jarduera guztiak, ur emariari eta uraren kalitateari kalterik ez egiteko.
Beraz, teorian, Mala, Kilimon eta Tantortako akuiferoek beren babes perimetroak izan behar dituzte, handik hornitzen direlako edateko urez Debabarreneko lau udalerri: Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Deba –eta Itziar–. Herri horien baitan daude, jakina, beren auzuneak, industrialdeak, bai eta eskualdeko ospitalea ere; Mendarokoa, alegia. Horregatik, ez dugu ulertzen babes perimetro horien barruan egiten ari diren baso-sartzeak, azkar hazten diren espezie exotikoz betetzen ari direlako ingurua. Ez dugu ulertzen, ezta ere, Lasturko harrobia martxan egotea, frogatua dugunean haren azpitik igarotzen dela Tartorta akuiferoa, Itziar osoa urez hornitzen duena. Akuiferoa kutsatu eta ur emaria gutxitzen ari da hor, akuiferoa elikatzen duten kareharria galtzen ari den heinean. Hori bai, ikus dezakegunagatik edo, hobeto esanda, behatu ezin dugunagatik, harrobia lurpean ari dira ustiatzen, eta horrek eragotzi egiten du harrobi horren benetako eragina zenbatekoa den ikustea. Praktikan, jardun diskretu edo kamuflatu hori itxuraz legezkoa da, eta horregatik gaude derrigortuta une oro karstaren ikusezintasuna salatzera, askotan lur azalean eta denon bistara egitera ausartuko ez liratekeen jarduera ez-legezkoak justifikatzeko balio duelako ikusezintasunak.
Geoparkearen balioa
Denborak aurrera egin ahala eta ikusita geoparkea benetan zer izan den Debabarrenerako eta, bereziki, gure karstarentzako, gero eta zalantza handiagoak dauzkagu haren eraginkortasunaz. Are gehiago: maila praktikoan egiaztatzen ari garena da gehien hondatzen ari den karst zatia geoparkearen baitakoa dela. Kontrara, gero eta argiago dugu Debabarren osoa barne hartuko lukeen balizko geoparke bat estrategikoa litzatekeela gure eskualde ia erabat industrializatu honen osagarritzat. Konbentzituta gaude gure lurpeko urak zaintzea derrigorra dela gure bizirauterako. Esaerak dio jaten ematen diguten gauzekin ezin dela jolastu, eta nik gehituko nuke: urarekin, are gutxiago.
Geoparkean sartzeko eskaera
Euskal Kostaldeko Geoparkearen historian kapitulu berri bat zabaldu zen 2024an, Mendaroko Udalak bertan sartzeko eskatu zuenean. Kasu horretan, Mendarorentzako baino aukera hobea iruditu zitzaidan Deba eta Mutrikurentzat, Mendaro sartuta, Karstaren Ibilbidea garatzeko aukera izango luketelako. Begi-bistakoa dirudi Mendarok nahitaez parte hartu beharko lukeela geoparkearen Karstaren ibilbidea osatzen, Mendaro delako Debabarreneko karstaren atea. Aizkoltxo kareharrizko muinoa da ate hori, azken bi hamarkadetan Debabarreneko erreferente karstiko eta arkeologiko handiena bihurtu dena. Harrigarria bada ere, bi hektareako industrialdea eraikitzeko lautu nahi zuten muino hori da Debabarreneko karstaren atea, eta hantxe bertan dagoen kobazulo batean dago Madeleine aldiko aztarnategi arkeologikoa. Ikuspegi geologiko, espeleologiko eta arkeologikotik, beraz, Euskal Kostaldeko Geoparkeko Karstaren Ibilbidearen abiapuntuak hortxe behar luke. Aitortuko dut, baina, ez dirudiela Mendarok erraza izango duenik geoparkean sartzea, izenak berak ere kanpo uzten baitu, kostaldeko herria ez izateagatik. Nolanahi ere, ez dugu uste Mendarok 2024an egin zuen eskaerarentzako erantzunik jaso duenik oraindik.
Bien bitartean, geoparkeak 2010ean hasitako bideari jarraitzen dio, eta ordutik gertatu den aipagarriena Zumaiako flyschean grabatu diren filmak izan dira. Flyscha da maila turistikoan eta herrikoian ospe handiena duena. Gehien-gehienek Game of Thrones pelikulatik edo Ocho apellidos vascos filmetik ezagutzen dute. Gehixeago dakitenek dinosauroak galdu ziren garaiarekin lotuko dute, edo KT mugarekin –Kretazeoa-Tertziarioa– edo KP mugarekin –Kretazikoa eta Paleogenoa–. Geoparkera egindako bisita biribiltzeko, Zumaian itsasontzia hartu eta itsasotik erreparatu ahal izango diogu flyschari. Horixe da Euskal Kostaldeko Geoparkera datozen bisitariek jarraitzen duten ibilbidea, baina hori kilometro bateko apendize txiki bat baino ez da, Debabarrenetik kanpora dagoena eta eremu karstikorik ez duena. Horrek badu azalpena: Deba eta Mutriku arteko flyschera iristea ez dela hain erraza, eta horrek eramaten gaitu pentsatzera geoparkea gehiago dela zumaiarren kontua.
Esandakoak esanda, garbi geldituko zen kritikoak garela Euskal Kostaldeko Geoparkeaz; batez ere, oso ekarpen txikia egiten diolako Debabarreneko eskualdeari eta kostaldeko turismoa bultzatzera baino ez datorrelako. Geoparkearen definizioak dio: Geoparkeak balio handiko ondareak mugatutako lurraldeak dira, zeinak babes-ikuspegi holistiko baten arabera kudeatzen diren. Beraz, argi dago Debabarreneko geodibertsitateak beste geoparke eredu bat merezi duela, udalerri guztiak barne hartuko dituena eta bere ondare askotarikoak sustatuko dituena, lurralde osoan zehar ikus daitekeen geodibertsitate berezia izendatz

