Zoru labainkorra

Erabiltzailearen aurpegia Arkaitz Uranga 2026ko otsailaren 27a

Seguru nago gaur bertan euskararen egoeraren inguruko kale-galdeketa bat egingo bagenu, uste baino gehiagok erantzungo luketela ez zaiela kezkagarria iruditzen. Eta erantzun horrek, hein batean, badu bere justifikazioa.

Euskara hizkuntza ofizial eta normalizatu den garaian jaio garenok gaiaren inguruan sakonegi hausnartzen ez badugu, ez dugu aparteko arrazoirik arduratzeko: eskola-ibilbide osoa euskaraz egiteko aukera dugu; ospitalera, udaletxera edo liburutegira joaten garenean, oro har, euskaraz egin ahal izaten dugu; gune eta esparru askotan ulermen unibertsaletik oso urrun ez gara bizi, eta inork ez digu harrika egiten euskaraz aritzeagatik –teoria eta praktika oso desberdinak dira, baina tira, plano teorikoaren inguruan ari garen honetan, ez gaitezen haratago joan–. Ez dago horren gaizki, ezta?

Azken 50 urteetan ikaragarrizko lana egin da euskararen normalizazioan, eta egia da garai batean existitzen ez zen zoru bat eraikitzea lortu dela. Pozgarria da, noski, eta urte horietan guztietan egindako lan nekaezina ez da inolaz ere gutxietsi behar; baina gaur egungo egoera horrek segurtasun-sentsazio faltsu bat sor diezaguke. Euskarak zoru sendo bat du, bai, baina zoru hori labainkorra da. Ezin dugu nahi bezain azkar edo libre ibili haren gainean, zoritxarrez oraindik oso erraz egiten baita laprast. Are gehiago, gainera, azkenaldian kanpotik egiten dizkiguten zangotraba guztiekin; gero eta maizago eta gero eta lotsa gutxiagorekin.