Hiru egun, bi hiri

Erabiltzailearen aurpegia Arkaitz Uranga 2026ko apirilaren 17a

Zenbat aldiz bilatuko ote zen Zer ikusi (hiriaren izena)n egun batean azken asteotan? Udaberriko oporraldia nahiko sasoi ohikoa izaten da bidaiak egiteko, baina esango nuke azken urteetan asko aldatu dela bidaia horiek egiteko modua –batik bat, gazteontzat–.

Nire teoriaren arabera, bi faktore nagusik eragin dute hori: alde batetik, bidaiatzearen demokratizazioak. Iraganean, bidaiatzea luxua zen, gutxi batzuentzat eskuragarria, edota denbora luze-luzez aurreztu ondoren har zenezakeen kapritxoa. Gaur egun, ordea, sentsazio edo pentsaera orokorra da edonor irits daitekeela munduko edozein bazterretara –Internetek, sare sozialek eta hedabideek ideia hori zabaldu dutelako–. Beste aldetik, gazteon egoera ezegonkorra dago. Gero eta bizi-baldintza okerragoak pairatzen ditugun heinean, gero eta ezinezkoagoa ikusten dugu etorkizunera begirako bizitza-plan egonkor bat eraikitzea.

Horren aurrean zer egin? Ba, esku artean ditugun diru eta baliabide apurrak momentuko gozamenera bideratu. Hori bai, xahutze handirik gabe: hiru egun bi hiri ikusteko, 06:10eko hegaldia hartu, motxilan gordetako ogitartekoa jan, egunean 20 kilometro egin oinez, eta komun partekatua duen ostatuan lo egin.