Gaztetxeei gorazarre

Erabiltzailearen aurpegia Arkaitz Uranga 2026ko maiatzaren 8a

Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketaren aurkezpena.

Euskal Herriko kultura eta kulturgintza betidanik izan dira hizpide mota askotako esfera eta testuingurutan. Ukaezina da gurean duguna berezia eta propioa dela, eta ez dela erraza pareko zerbait topatzea. Horren atzean, noski, faktore, ezaugarri eta inertzia asko daude, baina gure kultur ereduaren bizkarrezurrean gaztetxeek pisu handiari eusten diote.

Gure gizarte postmodernoan kultura erabat asimilatuta dago eskema kapitalisten barruan, eta oso zaila da zirkuitu horietarik kanpo operatzea. Baliabideak, materiala, espazioak, kudeaketa eta beste horrenbeste oinarrizko elementu merkatuaren logika eta dinamiken baitan kokatzen dira, eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu kultur adierazpide jaioberrien garapen prozesuan.

Gaztetxeak, ordea, oasi bat dira desertu gupidagabe horretan, logika merkantilista eta kapitalistetatik at existitzen direlako. Beste balio eta printzipio sistema baten arabera sortu, antolatu eta gorpuzten dira, eta horregatik betetzen dute funtsezko rola euskal kultur sisteman. Hain zuzen ere, ez dutelako etekin ekonomikoa jomugan, ezpada komunitatearen nahi, behar eta ezinegonetatik sortzen den horri babeslekua ematea.

Kulturaz gain, gaztetxeak funtsezko espazioak dira antolakuntzarako, jardun politikoa garatzeko, aisialdia sustatzeko, komunitatea trinkotzeko, eta beste horrenbestetarako. Edonola ere, eta zoritxarrez, azkenaldian gaztetxeen aurkako oldarraldia nabarmena izaten ari da; esaterako, azken hilabeteetan Arrotxapeko, Galdakaoko eta Errekaldekoak indarkeriaz hustu dituzte. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da gaztetxeen aldeko borroka aldarrikatzea eta hauspotzea, eta horretara datoz, hain zuzen, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak; Euskal Herri osoko gaztetxeen arteko saretzea sustatzera. Maiatzaren 29an eta 30ean Elorriora!