Noski, nik, izan, baditut umetako bideoak, baina VHSetan daude, batek daki non pilatuta, hautsa hartzen. Izan ere, oraindik gazte kategorian sartzen banaiz ere, ni umea duela 20 urte izan nintzen. Eta uste dut ez dela atrebentzia handiegia esatea gizartea goitik behera aldatu dela azken 20 urteotan. Esate baterako, ume hura eta ni belaunaldi beraren aterkipean jarriko bagintuzte ere, umeak ez du jakingo zer den VHS bat, eta, ziur aski, erloju telefonodun bat darama eskumuturrean. Nik bere adina nuenean hori Berebiziko espioiak eta Martin Mystery telesailetan bakarrik ikus zenezakeen.
Gaur egun, gazteak –edo gazteok?– auzi askoren jomugan daude. Bizi ditugun garai gero eta ezegonkorrago hauei aurre egiteko erantzukizuna, askotan, gazteei egozten zaie; dela esplizituki, dela inplizituki. Etorkizunera begiratzerakoan ezjakintasuna, segurtasun falta, eta aurreikuspenik eza elementu definitzaileak bilakatu diren honetan, iruditzen zait jada finkatuta dauden belaunaldiek ezikusi egiten dietela hainbat konturi, eta lekukoa erabat eskualdatzen dutela, gazteei pasatzeko.
Nortzuk dira, baina, gazteak? Eta zergatik dute –dugu?– horrenbesteko erantzukizuna? Ulergarria da, bai, hainbat auzi eta gaietan gazteek hartzea agentzia eta beren erabakimena aldarrikatzea, baina, era berean, argudia daiteke egoerarik zaurgarrienean dagoen sektorea dela gazteena. Aldaketa sakonen, ezegonkortasunaren eta etengabeko berritasunen seme-alabak gara –orain bai, lehenengo pertsonan–, eta askotan ezin gara identifikatu ezta gure belaunaldi-kideekin ere. Badugu nahikoa lan, bestela ere, gizartearen salbatzaile titulua hartzeko.