Ukaezina da azken lauzpabost urteetan adimen artifizial sortzaileak bere tokia egin duela gure bizitzetan, eta geroz eta presentzia nabarmenagoa duela esparru guztietan. Hasieran erantzun xelebre samarrak ematen zituen tresna hori ezinbesteko bilakatu da askorentzat: zalantzak argitzeko, informazioa bilatzeko eta kontrastatzeko, gomendioak eta aholkuak jasotzeko, eta beste horrenbestetarako. Harrigarria da nola sistema horiek, pare bat urteren buruan, Google bilatzailea bezain funtsezkoak diren –edo zirela pentsatzen genuen– tresnak erabat ordezkatu dituzten.
Ez dakit, ordea, zein puntura arte hausnartzen dugun horrek dakarrenaren inguruan. Erabat txundituta uzten gaitu zeinen azkar eta ongi erantzuten digun Chat-ik –nola ez, gainera, gure esanetara dagoen makina bat humanizatzeko goitizena gaztelerazko la artikuluarekin erabiltzen da–, eta ez gara konturatzen irakurtzen edota ikusten ari garen hori ez duela inork idatzi. Makina batek egindako ekoizpenak dira, eta gero eta normalizatuago dugu horiek inongo berrikuspen edo zalantzarik gabe egia absolututzat hartzea.
Batek baino gehiagok argudiatuko luke adimen artifizial sortzaileak ematen dituen erantzunak makina batek sortuak badira ere, oinarri hartzen duen informazioa badela gizakiek ekoiztutakoa. Egia da, bai; baina horrek ere badu amua. Makina horrek erabakitzen du, guregatik, zein informazio-iturri erabili erantzuna emateko. Jasoko dugun informazioaren gaineko erabakimena adimen artifizialaren esku geratzen da, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Ez dakit besteok, baina nik hori ez dut Black Mirror-eko kapitulu baten sinopsitik oso urrun ikusten.