Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!

Erabiltzailearen aurpegia Arkaitz Uranga

Gaurkoan sekretu txiki bat argitara ekarriko dut: atal hauetan irakurtzen dituzuen hitzak aldez aurretik idatzita daude. Logikoa da, noski; baina horrek esan nahi du idazten dugunok eta irakurtzen duzuenok une desberdinetan egoten garela hitzon aurrean. Eta, aste honetan gure artean dagoen alderik nabarmenena, akaso, izango da azaroaren 11ko greba orokorra igaro dela zuentzat, eta niretzat oraindik ez dela iritsi.

Honezkero jakitun izango zarete, baina uste dut ezinbestekoa dela, azaroaren 11 igarota ere, grebaren hiru aldarri nagusiak azpimarratzea: espekulatzaileak espropiatu, espekulazioa debekatu eta etxebizitza langileon beharren arabera antolatu. Zuek hainbatetan entzun izango zenituzten hitz horiek, baina greba eguna igaro izanak ez du esan nahi atzean geratu direnik. Kontrara: greba egunak hiru aldarri horiek gizarteratzea du helburu, eta horiek jomuga hartuta lanean hasteko unea markatzen du. Etxebizitzaren problematikak badu soluzioa, eta modu argi eta garbian seinalatu behar da haren erroa: errentismoa eta espekulazioa. Hiru jomuga nagusi horien bidez lortuko dugu ezinegon geroz eta astunago honi amaiera jartzea.

Urgentziazkoa da langile klaseak auzi honen inguruan agentzia hartzea, eta mahai gainean kolpe sendo bat ematea errentismoaren eta espekulazioaren aurka. Horregatik, eta bista etorkizunera botata, pentsatu nahi dut azaroaren 11n milaka eta milaka pertsona mobilizatuko zirela, grebaren aldarriak argi eta garbi gizarteratuko zirela, eta langile klaseak gizartean duen indar eta eragina antzemango zela. Helburua argia da, bai eta helburu hori lortzeko hartu beharreko neurriak ere.

Etxebizitzaren negozio espekulatiboa merkatu errentistak eta bere aurpegia zuritzea besterik bilatzen ez duen politika instituzionalak sostengatzen dute. Eredu hori erabat bateraezina da etxebizitzaren eskubide izaerarekin, eta horregatik, langile klasearen eskutik datorren iraultzak soilik erantzun diezaieke langile klasearen beharrei. Balio dezala grebak hori gizarteratzeko.