Segi berriketan

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Gisasola 2026ko apirilaren 30a

Iltzaturik gelditu zitzaidan duela hamar bat urte irakaslearen esaldi hura: "Igartzen da semearekin berba egiten duzuela!". Irakasle bat hori esatera iritsi bada… hau panorama!

Ez zen zuzenean euskarari buruz ari, gure artean komunikazioa bazegoela esaten ari zitzaidan soilik. Baina esandakoa hizkuntza gutxituen egoerari lotzen badiogu, euskarari lotzen badiogu, alarmak pizteko moduko esaldia badela esango nuke.

Euskararen transmisioan edo ezagutzan urratsak egiteko ezinbesteko tresna dugu ahozkoaren garapena. Mintzamena ez delako soinuen artikulazio soilera mugatzen; ideiak antolatzea ere bada, ñabardurak kudeatzea, enpatia lantzea eta diskurtso koherente bat eraikitzen ahalegintzea. Eta ez naiz unibertsitateko saio magistral horretako diskurtso ponpoxoaz ari. Egunerokoan ahozko elkarreraginerako momentuei denbora gehiago ematearen beharraz ari naiz.

Gure kultura eta memoria transmisioak nekez hartuko baitu lekua, nekez bustiko gaituelako, gaur egungo gizartean dugun informazio uholde zoro honen logikari men eta men egiten jarraitzen badiogu. Eta gure txikian, ahozkoari leku gehiago egitean egon daiteke gako bat.

Eta orain, amamarekin izandako elkarrizketa bat datorkit gogora: "Nik ez dakitx euskeraz ondo"; "Ez dakizula euskeraz? Zure loiba danek baino hobeto egiten dozu barren!". Eta sorbaldak gora amamak. Bere burua analfabetoen bandoan kokatuta. Jakintza, irakurketa eta idazketari lotuak. Eta puntu. Ba, gustura hartuko nituzke haren esamolde, istorioak gure belarrietara ekartzeko modu edota pasadizoak kontatzeko zuen piper eta gatza. Berezkoa? Ez. Entrenatua; su bueltan, etxeko atarietan, sehaskan, kalean, dendako ilaran…. Jaio berri eta lehen hilabeteetan entzun, entzun eta tarteka onomatopeietan adierazi. Beranduxeago; esan eta entzun, entzun eta esan. Belarritik sartzen diren berba eta berbaldiak ahora bidaiatzeko aukera paregabe dira eta, erabiltzeko gertuago daude.

Gu bai analfabetoak, amama! Analfabeto funtzional eta… abar!