Fructuosoneko edo Bastidaneko taberna eta haren gaineko etxea 1920 urtean erosi zuten Fructuoso Bastida eta Paula Garitagoitiak. Goiko solairuak gela handi-handi bat zuen, dantza-leku modura erabiltzen zena. Albo baten barra bat, bezeroei edariak ateratzeko: ardoa zahagitik zerbitzen zen eta garagardoa txorrota batetik. Pianoa ere bazen bertan eta piano-jolea ez zenetan, soinu-joleren bat etortzen zen. Esaterako Eladio Intxaurraga, Malle baserriko Akello sarri egoten zen iluntze-gauekoa alaitzen bere soinuaren astindu hutsez.
Sasoi baten joera handia egon zen domeka arratsaldeetan Mallabira etortzeko eta Ermua, Eibar, Durango, Berriz, Zaldibar zein Markinatik ere hurreratzen zen jendea. Bastidanean gainezka egoten ziren taberna eta goiko saloia. Ezkontza-bazkariak eta hildakoen ondra-bazkariak ere zerbitzen ziren: garbantzuak, zankarroia, zahagiko ardoa eta pattarra. Apuntera egiten zen dena: noren hileta, zenbat zahagi eta pattar botila edan ziren… ordaintzeok gerora egiten ziren, txahalen bat hildakoan-edo. Gerran konfiskatuta eraman zuten pianoa eta goiko saloiko dantza eta arrimateko kontuak, orduantxe amaitu ziren betiko.