1927ko urtarrilaren 5ean munduratu zen, Mallabarrengo ondoan zegoen Sakristauaneko, gerora Brijidaneko etxean. Musikarekiko zaletasun handia zegoen eurenean: pianoa zuten eta Jose aita organojole, txistulari eta parrokiako koruko zuzendaria zen. Hura hil zenean, 16 urteko gaztea zela hasi zen Emilio organoa jotzen. Plazido, Zerareo eta Brijida anai-arrebek ere solfeoa ikasi zuten eta kantari jardunikoak dira herriko abesbatzan.
Txistulari modura Mallabiko hainbat jai eta erromeria girotutakoa da. Ermiten jai egunetan bazkalostean joaten zen, jendea mahaian zegoela: zortziko, fandango, arin-arin eta abarrok biribilketa alaian amaitzen zituen.
1958an Maritxu Arrieta Mallabiabarrenarekin ezkondu zenetik Ermuan bizi zen eta hantxe hil zen, 2019ko otsailaren 18an. Sekula ez zion laga baina Mallabira domekero joateari bere organo kutuna jotzera, kale egin barik ere jaiegunetan, hileta-elizkizunetan eta Andramarixetan. Hil baino hiru hilabete lehenago, Santa Zezilia egunez aurkeztu zen bere biografia jasotzen duen liburua, Emilio Pradera. Gure melodia, Felipe Zelaieta, Mikel Zelaieta eta Valentin Mugarzaren lanari esker argitaratutakoa.