1950

Esteban Astarloa eta Lina Huarte-Mendikoaren ezkontza

Erabiltzailearen aurpegia Aspaldiko argazkiak 2026ko otsailaren 1a

Madril, 1950.

Mallabitar baritonoa bata eta ororbiar soprano lirikoa bestea, sarritan abestu zuten elkarrekin, eta zartzuelaren generoaren enbaxadore bihurtuta, 50 eta 60 hamarkadetako bikote kantari esanguratsuena kontsideratuta daude.

Etxekone baserrian jaio zen Esteban 1917an eta entzute handiko baritonoa izan zen, ehunka opera eta zartzuela eszenifikatuz. Angel eta Justinaren mutikotxo hark lehen ikasketak herrian egin ostean, Zornotza eta Markina-Xemeinen jarraituko zituen, Filosofia ikasiz gerora Gasteizen eta Iruñean. Madril izango zen bere hurrengo ikaste helmuga eta musika eta kantua bidaiaren bultzatzaile. Bertan momentuko maisu-maistra onenekin formatu zen eta 1944. urtean egin zuen debuta Maria Guerrero antzokian, Mozarten Las bodas de Figaro operarekin.

Bere ahotsaren kalitateaz gain, abesterakoan erakusten zuen espresibitatea goraipatzen zuen bere publikoak: erregistroaren sonoritate eta ahotsaren indar ikaragarriagatik zen estimatua, baina batez ere bere pertsonaiak bizi eta interpretatzeko orduan transmititzen zuen sinesgarritasunagatik. 


Esteban, eszenaren erdian, obra bat taularatzen.

Ahotsa jarri zien opera eta zartzuelen zerrendan daude La boheme, La traviata, Luisa Fernanda, Gavilanes, Fausto, Rigoletto, Carmen, La tabernera del puerto, Las golondrinas, El caserío… apur batzuk aipatzearren. Sasoiko abeslaririk ospetsuenekin partekatu zuen eszenatokia: besteak beste Alfredo Kraus, Montserrat Caballé, Victoria de los Angeles, Pedro Lavirgen, Marimí del Pozo edota Lina Huarte-Mendicoa, bere emaztea izango zen soprano nafarra. Elkarrekin sarritan abestu zuten eta 1950ko azaroan Madrileko Kontzepzioa elizan ezkondu ostean bi seme izango zituzten, Ignacio eta Esteban.

Linak kalitate eta lirismo handiko ahotsa zuen, vibrato atseginekoa, bokalizazioan perfektua eta eszenatokia partekatu zuen Teresa Berganza, Pilar Lorengar, Ana Maria Iriarte, Alfredo Kraus, Toñy Rosado, Manuel Ausensi edo Francisco Kraus bezalako artista handiekin. 1957an Interpretazio Lirikoko saria jaso zuen eta urte betera Arte Ederretako Zirkuluaren Urrezko Domina eman zioten.

Esteban 1997an zendu zen eta hamar urtera Lina, biak ala biak Madrilen.


Almagroko Antzerkiaren Museo Nazionalean gordetzen den Estebanen bustoa.

Esteban eta Linaren ahotsak

Grabazioan Esteban Astarloa “Luche la fe por el triunfo” abesten, Federico Moreno Torrobaren Luisa Fernanda zarzuelako erromantza bat.

Hurrengo bideoan Lina Huarteren ahotsa entzun daiteke, konposatzaile berdinaren María Manuela zartzuelako “¿Dónde vas, marquesita maja?” erromatza abestuz.