1903

Victoria Mallabiabarrena sopranoa

Erabiltzailearen aurpegia Aspaldiko argazkiak 2026ko martxoaren 8a

Victoria Mallabiabarrena eta Garai baserrian kontserbatzen duten kulunkaulkia.

1903. urte inguruan erretratatu zen Madrileko Greco argazkilariaren estudioan Victoria Mallabiabarrena Sarasketa soprano lirikoa. 1867an Areitioko Garai baserrian jaioa, Berrizko Mertzedarien konbentuan mojatzarako bidea hartu bazuen ere hasiera baten, 22 urte besterik ez zituela Madrilera joan zen, kantuan formatzera. Benetan erabaki ausarta eta ez ohikoa XIX. mendeko emakume batentzat. 

Solfeoa erakutsiaz ateratzen zuen bizimodua eta bertan ezagutu zuen senarra izango zuen Antonio García Mon enpresa-gizona, Kubatik Madrilera talentu bila etorritako galiziarra. Victoriak ahots zoragarria garatu zuen eta Habana eta Madril artean egin zuen bere ibilbide profesionala. Gustuko zituen jendaurrekoak eta kontu handiz zaintzen zituen bere agerraldiak, garrantzi handia eskainiz jantzi, oinetako eta buruko kapelei, eszenatokian beti dotore azalduz.

Bikoteak ez zuen seme-alabarik izan, baina familiako ume asko besoetan eraman zituzten bataiatzera  eta gustatzen zitzaien Victoria edo Antonio izena jartzea.

Zahartzaroa Mallabian eman zuten, Garai baserrian. Beraiekin ekarri zuten piano zoragarri bat, sarritan joko zuena, kulunkaulki bat eta baita bere funtzioetan erabili zituen soineko ederrez betetako lau kuxa handi, maleta piloa, kapela dotore mordo bat… Victoriak gainera berarekin ekarri zituen ere atzamar oskolak gorri-gorri margotzeko ohitura eta tabakoa erretzeko zaletasun kubatarra, pentsa ezinekoak bere sasoiko andrazkoen artean. 

Adinean aurrera joanda ere, ahotsa fresko eta tinbre onarekin mantendu zuen, zahartuta ere ekin eta ekin beti kantuan aritzen zen. Victoria Mallabiabarrena jaio zen etxe berean zendu zen 1960an eta Mallabiko kanposantuan dago lurperatuta, sartu eta eskumatara dagoen García Mon familiaren panteoian.

Bere gainean gehiago jakitzeko egin klik hemen.


Habanatik bere soinekoekin ekarritako kutxetako bat.