Aurten ere eta ohiturari jarraituz San Jose egunaren bueltan berriro egin dute juntadizoa hainbat txistulari eta danbolin jolek, Abadiñon, jakina. Kalejira, kontzertua, lagun artea, guztion arteko argazkia… formula ez da lar aldatu zazpi hamarkadetan, bai ostera elkarri abisuak pasatzeko modua: kartaz egiten zuten hasieran, telefonoz urtetxo batzuetara… hitzorduaren berri jasotzen zuenak bere herriko gainontzekoei esaten zielarik.
1956tik 1971ra, jarraiko 16 urtetan Luis Albizu Loitxate (1907-1977) Ermuko Santa Zezilia Bandako zuzendaria aritu zen Durangaldeko txistularien elkarte haren gidari lanetan. 1972 urtekoa ere zuzentzeko prest zegoen arren, Probintzia Gobernadoreak jotzeko baimena ukatu zien eta gauza bera erabaki zuen hurrengo bi urteetan ere. Alejandro Aldekoa berriztarra izan zen Luis Txikixaren hurrengokoa zuzendari lanetan.
Argazkiok hasierako urte hartakoak dira eta, bailarakoekin tarte, hainbat musikari ermuar azaltzen da bertan: lehen argazkian, jotzen ikusten diren eta Luis Albizu zuzentzen lepoz azaltzen den horretan, bere ezkerraldetik hasita daude Pedro Antxustegi atabalaria, Moises Gorosabel eta Alejandro Zubizarreta silbotariak eta Ernesto Albizu txistularia. Argazkilariari begira dauden bigarrenean, taldekidez inguratuta, aurreko bostez gain Joseba Idigoras ere azaltzen da.