Euskal Birusa taldeko lagunen burutazioa izan zen, eta Iñaki Arregi eta Ignacio Pérez gerturatu ziren bere etxeraino, Fermiñenera. Mezu argi bat nahi zuten helarazi kartelaren bitartez: apurtu telebistak eta zabaldu liburuak. Aurretik berba eginda zuten eurok jiratuko zutela aparailua eta Inter zaharkote pisutsu hura kotxean sartu eta pozarren presentatu ziren Goitondon.
Egun horretan etxearen ondoko landan jarri zuen Ignaciok bere argazki-estudio inprobisatua eta Ferminek ezin hobeto egin zituen modelo lanak gazte zoro haien esanetara. Berak eta etxekoek kariño handiz gordeko zuten handik egun batzuetara ekarri zioten erretratuaren kopia eta kasualitatez orain dela gutxi ailegatu da gure eskuetara, bere heriotzaren San Jose eguneko urteurrenarekin kointziditze nahian-edo.