1943

Mari Karmen Urkidi jostuna, umetan

Erabiltzailearen aurpegia Aspaldiko argazkiak 2026ko ekainaren 21a

Mallabia, 1943.

Zapatu batez, 1942ko ekainaren 20an jaio zen Mari Karmen Urkidi Ganboa Arandoño auzoko gorengo baserrian, Aniño-goittin. 

Jose eta Tiburtziren lau seme-alabetan, zaharrena izan zen eta gerora, bizitzak Ermura eramanda, lau seme-alaba izango zituen berak ere Gregorio Txurruka Uriarterekin ezkondu ostean. Jostea beti izan zuen gustuko eta euskal jantziak egitearena afizio izatetik ia-ia ofizio bihurtuko zitzaion. 

20 urterekin josi zuen bere lehenengo jantzi tradizionala, Santa Ageda eguneko kantu-jirarako. Alabak dantza egiten hasita, harentzako gona, amantal eta abarrok josten zituen han-hemenka ikusten zituen jantzietan erreparatuz. Denborarekin, gaztetan etxean eta inguruan ezagututakoak gogora ekarriz bere kaxetara sortzen hasi zen. Zaletasun gero eta gehiagorekin, liburuetan, hitzaldietan eta erakusketetan irakurri eta entzundakoetan oinarrituta diseinatzeari ekin zion. Ermuko Txindurri Txistu eta Dantza taldeko jantzi gehienak bere eskutik ateratakoak dira eta enkarguz egindako makinatxo bat kale-jantzik ere bere izena daramate.