Dotoreziak alde batera lagata, zuri-beltzean koloretsu somatzen dira ere Agedaren amantala eta Tomasen prakak, adabakiñekin gogortuta. Erabilian erabiliz, gastatu eta apurtu egiten zen baserri lanetan erabilitako arropa; zulatu aurretik une hori errepasatu egiten zen, haria alde batetik bestera pasatuz zurzidu. Berandu baino lehen handik berriro apurtzera egingo zuenez, ohiko gauza zen gainetik oihal zati bat jostea, adabakiñe edo txaplatie, ahaleginez azpikoaren kolore berdineko. Etxean eskura zeuden tela-txatalekin egiten zenez, ez zen beti berdinekorik azaltzen, baina aurrera, ze ordukoek esaten zutenez “zahar konpondue ez da zatarra, barri apurtue, hoixe bai itxura eskasekue!”.