Urte batzuetara, Euskadiko zenbait ikastetxetan ere burutu genuen programa antzeko bat. Emaitzak beti ziren antzekoak; izan ere, familia guztietan dago mugikortasuna, zela edo halakoa. Hala esaten zuen Pierre Lhande apaizak 1910. urterako bere L ́émigration Basque lanaren atarikoan. Euskaldun petoa izateko –zioen– hiru zirela bete beharreko baldintzak: ahoskatzeko zaila zen abizena eramatea (porter), Aitorren seme-alaben hizkuntza mintzatzea eta osabaren bat izatea Amerikan.
Egina dut familia-zuhaitza neuk ere, eta gurean ere hala gertatu izan da: izan ditugu osabak Ameriketan, eta Txinan eta Japonian ere bai. Aldi berean, hemen geratu zirenen artean, urrutien joan zena Plazentziatik Osintxura joan zen 300 urtean zehar. Hori erakutsi zidan "aitaren aita eta haren aita eta haren aita..." lerro zuzenean egin nuen ikerketak. Neu izan naiz, lerro horretan, urrutien joandakoa. Nora eta Gasteizera. Egin kontu!
Gaur euskaldunok jarraitu egiten dugu atzerrira joaten, gero eta maizago eta errazago joan ere. Orain, joan-etorrikoak izaten dira egonaldietako asko, eta, lehen ez bezala, gutxi(ago) dira betiko joaten direnak. Horri errealitate berri horri erreparatu beharrean gaude. Hala egingo du aurki Legebiltzarrera joango den lege proiektuak. Nobedadeen artean, diaspora terminoa ezarriko du, baita inolako hiztegitan jasota ez datorren termino bat ere: diasporizatu.
Gaur, euskal gizarte osoak dugu beharra gure diasporako errealitateak ezagutu eta aintzakotzat hartzeko. Izan ere, gure herriaren etorkizunean asko izan lezake esateko kanpoan dugun euskal komunitate gero eta jantziagoak.