Eraso arruntegiak

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Fernández 2026ko urtarrilaren 23a

Misoginia eta feminismoaren aurkako aktibismoa oso presente daude matxosferan, nerabeak arrainak uretan bezala mugitzen diren ingurune digital berean. Hain zuzen ere, familia normaletako nerabeak protagonistak dira saritutako telesail hauetan: Adolescence (Erresuma Batua) eta Pubertat (Katalunia).

Kapitulu gutxitan errealitate gordinak erakusten dizkigute, hurbiletik interpelatuz: 13 edo 14 urteko mutil bat, demagun zure semea, sexu-erasotzailea izan daiteke, edota hiltzaile matxista ere bai? Barrutik astintzen zaitu, ezta?

"Ez, ez, ezin da, gaizki-ulertu bat izan behar du, umekeria, mutil ona da, ez luke inoiz horrelakorik egingo".

Zoritxarrez, telesail horiek benetako gertakarietan oinarrituta daude eta jakin badakigu errealitatea fikzioa baino haratago doala. Ukazioak, etsipenak, tristurak, erruak ito egingo dituzte telesailetako pertsonaiak; gauza bera gertatzen da errealitatean. Zer kontraesan, zer gatazka pertsonal, familiar eta generazional azaleratuko dira horrelako eraso matxista batek hain hurbiletik ukitzen zaituenean?

Agian, komeni da gogoratzea mundu errealean gertatzen diren eraso matxista gehienek telesailetako bezalako protagonistak dituztela: guraso arruntak, neska eta mutil arruntak, familia arruntak, irakasle, lagun, elkarteko kide arruntak.

Telesail hauek familia eta gizartearen erantzukizunari eta sare sozialen eraginari buruzko galderak planteatzen dituzte. Ezagutzen ditut beren seme-alabekin telesaila ikustera jarri diren gurasoak, nerabeei helduarora bidaia horretan orientatzeko eta laguntzeko asmoz. Nire ustez, guk helduok ere asko dugu ikasteko. Azal diezaiegun nerabeei zer den, adibidez, sexu-harremanetarako benetako adostasuna, ez sozializazio patriarkalak, desberdintasunek edo indarkeriak inposatuak. Desioak identifikatzen eta komunikatzen ikasi beharra ere badago, eta nesken desioa ez dagoela mutilenaren mende. Beharrezko aldaketa soziala lortzen dugun bitartean, erakuts diezaiegun neskei borrokaren eta autodefentsa feministaren garrantzia.