Gipuzkoako Foru Aldundiak, Energia Argitu kanpainaren bidez, etxebizitzetan energia eraginkortasunarekin lotutako neurketa sinpleak egiteko maletatxoak eskaintzen ditu. Ekimen hori oinarri hartuta, Udalak eta Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, zerbitzu berri bat jarri du herritarren eskura: norberaren etxebizitzako energia diagnostiko sinplifikatuak egiteko maletatxoak.
Maletatxoak sei tresna praktiko ditu, etxebizitzan energia eraginkortasunari buruzko neurketak egiteko. Tresnen artean aire-ihesen detektagailua, termometroa eta higrometroa, erradiadoreen purgagailua, entxuferako elektrizitatearen kontsumoaren neurgailua, hozkailurako termometroa eta uraren emaria neurtzeko kronometroa daude.
Erremintak erraz erabiltzekoak dira eta ez dute ezagutza teknikorik eskatzen; beraz, interesdun pertsona orok erabili ahal izango ditu, pausoz pauso, erreminta bakoitzaren jarraibideak azaltzen dira eta. Gainera, maletatxoarekin batera galdetegi bat dator. Galdetegiak etxebizitzako ezaugarrien inguruko galderak ditu: argiteria, berogailua eta ur bero sanitarioa, inguratzailea, instalatutako ekipoa, kontratua eta energia berriztagarriak. Emaitzak bai edo ez markatzeko laukitxoak ditu. Erantzunen arabera, fakturan aurrezteko neurri erraz batzuk gomendatzen ditu.
Nola eskuratu maletatxoa?
Maletatxoa herritarren arreta bulegoan eskuratu ahal izango da eta 14 egunez maileguan eduki ahal izango da. Horretarako ezinbesteko baldintzak dira:
- Maletatxoaren eta erreminten erabilera arduratsua egitea.
- Identifikazio dokumentuaren fotokopia aurkeztea.
- Baldintzak onartzen diren dokumentua sinatzea.
Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko, gerturatu herritarren arreta bulegora edo jarri harremanetan telefonoz 943 82 01 10 zenbakira edo posta elektroniko bidez agenda2030@debegesa.eus helbidera.