Debako Udalak Zubeltzu zinemaren proiektuan urratsak ematen jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala 2026ko maiatzaren 25a

Pasa den ostiralean, maiatzaren 22an, Debako Udalak Eusko Jaurlaritzaren bisita instituzionala jaso zuen Zubeltzu zinema historikoan, proiektua aurrera eramateko erakundeen arteko lankidetza sendotzeko eta espazio enblematiko honen berreskuratzean eta eraldaketan aurrera egiteko helburuarekin, herriarentzat kultura-ekipamendu moderno eta irisgarri bihurtuz.

Bisita honetara bertaratu ziren Ibone Bengoetxea Otaolea, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta Andoni Iturbe Amorebieta, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea. Bisitaldian zehar, haiek eraikinaren egoera bertatik bertara ezagutu, instalazioak bisitatu eta proiektuaren hurrengo urratsak Debako alkate Alazne Txurruka eta udal ordezkariekin batera aztertu ahal izan zituzten, horrela erakundeen konpromisoa indartuz eta lankidetza-harremana ezarriz, Zubeltzu zinema Debako kultura-espazio erreferente bihur dadin.

Jardunaldian zehar, parte-hartzaileek zinemaren egitura eta ezaugarriak gertutik ikusi zituzten, haren egungo egoera aztertu eta etorkizuneko eraldaketaren funtsezko elementuen inguruan eztabaidatzeko aukera izan zuten. Hori dela eta, topaketa honek eraikinaren birgaitzea eta espazio moderno, dinamiko eta anitz baten sorrera uztartzen dituen proiektu baten planguntzan sakontzea ahalbidetu du, udalerriaren kultura-helburuekin bat eginez.

Espazio kultural irisgarri eta berritzaile baten aldeko apustua

Zubeltzu zinemaren proiektuak urrats estrategikoa adierazten du Debako kultura indartzeko. Eraikinaren birgaitzetik harago, ingurune inklusibo bat sortzea, herritarren parte-hartzea sustatzea eta tokiko sormena bultzatzea da helburua.

Eusko Jaurlaritzarekin ezarritako lankidetza-harremanak baliabideak, esperientziak eta estrategiak artikulatzea ahalbidetzen du, zinema ikaskuntza, kohesioa eta kultura-gozamenerako espazio bihurtuko dela bermatuz, Debaren posizioa indartuz kultura eta berrikuntzarekin konprometitutako udalerri gisa.

“Erakunde-bilera honek aukera eman digu Bengoetxea lehendakariordeari eta  Iturbe sailburuordeari Zubeltzu zinema kultura-espazio berritu gisa duen potentziala erakusteko. Gobernu-taldearentzat funtsezkoa da proiektu honek bere jarduera berreskuratzea eta espazio dinamiko, parte-hartzaile eta irisgarri bihurtzea, herritar guztientzako kalitatezko kultura-esperientziak eskainiz” - azpimarratu du Alazne Txurruka alkateak.

Bestalde, Bengoetxea lehendakariordeak adierazi duenez, “Jaurlaritzak, estrategikotzat jotzen du Deban antzoki berri bat egotea, arte eszenikoak eta kultura, oro har, debabarrena eskualdean sustatzeko. Horretarako, 1.062.000 € euroko laguntza jaso du Zubeltzuren eraberritze proiektuak, Berpiztu programaren baitan. Apustu sendoa Udalaren eta Jaurlaritzaren partetik kultura herritarrentzat eskuragarriago egiteko”.

Zubeltzu zinema: historia, nortasuna eta aukera berriak

Zubeltzu zinema hamarkadetan zehar Debako kultura-bizitzaren erreferente eta herritarrentzako topagune izan da. Azken urteetan itxita egon bada ere, bere balio historiko eta sinbolikoak bere horretan jarraitzen du, garrantzi handia izaten. Zinemaren berreskuratzeak bere ondarea zaintzea ahalbidetuko du, aldi berean funtzio berrietara egokituz, zinema, antzerkia, tailerrak eta kultura-jarduerak hartzeko gai izango den espazio multifuntzional bihurtuta.

Debako Udalak Zubeltzu zinemaren proiektuan lanean jarraituko du, debarrentzat erreferentziazko eta kalitatezko kultura-espazio bat berreskuratzeko.