Aurrez jakinarazi bezala, TEK Deba-Itziar komunitate energetikoa martxa onean doa. Deba eta Itziarko herritarrek aukera paregabea dute tokian bertan sortutako energia berriztagarria erabiltzeko, autokontsumoa sustatuz eta energia jasangarriago baterantz pausoak emanez. Proiektuak herritarren interes handia piztu du, eta jende asko ari da izena ematen, parte-hartzea oso aktiboa izanik.
Herritar orok du parte hartzeko aukera
Herritarren parte-hartzea bikaina izaten ari da, eta horregatik izena emateko epea 7 egun luzatuko da, ekainaren 7ra arte, hain zuzen ere. Oraindik plaza libreak daude, eta proiektu hau herritar orori zuzenduta dago, denek aukera izan dezaten onura hauek lortzeko. Etxebizitzek zein merkataritza txikiek parte har dezakete komunitate energetikoan, energia aurrezteko eta jasangarritasunaren alde ekarpena egiteko, herriaren etorkizun energetikoaren alde pauso sendoak eginez.
“Izen-emate epea luzatzea aukera paregabea da herritar gehiagok zerbitzu hau baliatu ahal izateko. Proiektu hau debar guztiei dago zuzenduta, eta herritar guztiek dute izena emateko eta energia berriztagarrien onurez baliatzeko aukera. Ekimen honek Debaren eta Itziarren etorkizun energetikoaren aldeko urrats garrantzitsua dakar, eta oso pozik gaude herritarren artean piztu duen interesarekin”, nabarmendu du Alazne Txurruka alkateak.