ADIERAZPENA

Gaur, ekainak 26, Debako Udalak bat egin du Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko egunarekin

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala 2026ko ekainaren 26a

Ekainaren 26an, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna da, biktima guztiak babestu eta tortura mundu osoan gaitzesteko izendatu zen eguna.

2017tik lanean ari den Debako Udal Bizikidetza Batzordearen aurkezpen egunean azaldu genuen moduan, Bizikidetza Batzorde honetan agerian jarri nahi dugu, gertuko iraganean bizi, sentitu eta pairatutako sufrimenduak ukaezinak direla; hortaz, hauek ezagutu, errespetatu eta aitortzea ezinbestekoa dela. Herritar ezberdinek bizi izandako GGEE urraketak ezagutu nahi ditugu, elkarri entzun eta elkarri aitortu.

2024-2025 ikasturtetik, Bizikidetza batzordeak Debako biktimak aitortzeko erabakia hartu zuenetik, pausu ezberdinak eta ekintza ezberdinak antolatu ditu. Hasieran biktima oro aintzat hartu ziren adierazpen instituzional baten bidez; hurrengo saioetan, hildakoak eta haien familiengana hurbildu zen aitortza burutuz; ondoren GGEE urraketa ezberdinak pairatu zituzten biktimengana hurbiltzeko erakusketa bat ireki zen eta, oraingoan, tortura jasan duten emakume eta gizonengana hurbiltzeko pausua ematen ari da.

Eusko Jaurlaritzak sustatu eta Euskadiko Parlamentuak babestu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014). 2018ko abenduan dokumentu honetan jasotzen den moduan, Nazioarteko itunetan, torturari buruz adostutako lehen definizioa hemen jaso zen: Torturaren eta Bestelako Tratu edo Zigor Krudel, Gizagabe edo Iraingarrien aurkako Konbentzioa, 1984ko abenduaren 10ekoa. Hona hemen edukia; pertsona bati nahita min edo sufrimendu –fisiko edo mental– larria eragiteko ekintza, harengandik edo hirugarrengo batengandik informazioa edo aitorpena lortzeko egina, bai eta egin duen ekintzagatik edo egin duelako susmoa dagoen ekintzagatik zigortzeko, pertsona hori edo beste batzuk beldurtzeko edo hertsatzeko, edo diskriminazio mota orotan oinarritutako edozein arrazoirengatik egina ere, min edo sufrimendu horiek funtzionario publiko batek eginez gero, edo funtzio publikoak betetzen dituen beste norbaitek, hark bultzatuta edo haren adostasun edo baimenarekin”.

Nazioarteko itunak oinarri hartuz, jabetzen gara motibazio politikoko indarkeria eta terrorismoaren testuinguruan izan diren tortura kasuak ugariak izan direla, tartean daude Debarrei eragindakoak ere.

Torturaren inguruko EAEko txostenaren arabera, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak egindako 4113 tortura kasu frogatu dira gutxienez. Gainera txostenak kopuru horiek kaltetuen benetako dimentsioaren azpitik daudela azaltzen du.

Torturaren erabilera sistematikoa izan dela frogatua dago eta Espainiako Estatua 12 aldiz zigortu dute praktika horiek debekatzen dituzten itunak urratzeagatik. Tortura kasu gehienak inkomunikazio epealdian gertatu dira. Tortura ez errepikatzeko bermeak jartzekotan atxilotuak inkomunikatzeko praktika desagerrarazi beharko litzateke.

Aipatutako dokumentuak agerian uzten du gure herrialdean torturatu egin dela urteetan zehar eta horregatik, Debako udalak, sufrimendu guzti hauek eragindako ondorioak pairatu, eta oraindik ere pairatzen dituzten pertsonen, beraien familien eta kolektiboen errealitatera gerturatzea izan du helburu.

Horregatik ekainean zehar udalak errealitate anitz, zabal eta askotan itzalean geratu dena ezagutzeko 2 ekintza burutu ditu: “Karpeta urdinak” zineforuma eta “Tortura, nora arteko lotura? Transmisioaren erronka” mahai ingurua. Errealitate honen inguruan izandako bizipenetara hurbiltzeko aukera izan da.

Gaurkoan, Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Eguna dela eta, tortura sufritu duzuen debar guztiak izan nahi zaituztegu gogoan eta argi adierazi nahi dugu ez zuela inoiz gertatu behar.

Adierazpen honek balio dezala oraindik irekita dauden ikerketa ezberdinek eta dagoeneko identifikatuta dituzten Debako edo Deban atxilotu edo eta torturatutako 74 pertsonak eta etorkizunean ager daitezkeen beste batzuk aitortuak izan daitezen.