Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, Deba, Zumaia, Getaria eta Orioko Udalekin elkarlanean, Nazioarteko Flysch Organo Zikloaren 2026ko edizioa antolatu du. Zikloaren baitan, Debak kontzertu berezia hartuko du datorren uztailaren 12an, igandea, 12:00etan, Andra Mari elizan.
Aurtengo Debako hitzordua Valentín Larrea Iturbe (1876-1970) musikagile, pianista eta organistaren jaiotzaren 150. urteurrenaren ospakizunari eskainiko zaio. Kontzertua 2019-2026 bitartean garatutako "Valentín Larrea Iturberen lana eta figura berreskuratzeko proiektuaren" barruan antolatu da, euskal musikaren ondareko figura garrantzitsu honen lana ezagutarazi eta balioan jartzeko helburuarekin.
Kontzertuan Aitor Garitano tenorrak, Ignacio Arakistain organistak eta Eragiyok abesbatzak hartuko dute parte, Jon Larrauri zuzendariaren gidaritzapean. Egitarauan Larrea Iturberen organorako, ahotserako eta abesbatzarako hainbat obra interpretatuko dira, besteak beste Preludio, Adagio y Fuga, Andante en Do Mayor, Panis Angelicus, Ave Maria, uskal Festak eta Nere Etorrera.
Kontzertuak aukera paregabea eskainiko die debatarrei eta bisitariei euskal musikaren ondare historikoa ezagutzeko eta Larrea Iturberen obra berriro entzuteko, Andra Mari elizako organoaren kalitate akustiko apartaz lagunduta.
Debako organoa
Andra Mari elizako organoa, G. Grenzing etxeak eraikia eta 2009an inauguratua, nazioarteko erreferentziazko instrumentuetako bat da. Hiru eskuzko teklatu, pedal-teklatua eta 37 erregistro ditu, eta bere kalitate eta moldakortasunari esker, errepertorio historikotik garaikiderainoko lanak interpretatzeko aukera eskaintzen du.
Nazioarteko Flysch Organo Zikloa 2026
2026ko Nazioarteko Flysch Organo Zikloak Gipuzkoako kostaldeko hainbat udalerritan izango du jarraipena. Debako kontzertuaren ondoren, zikloa Getarian izango da uztailaren 18an, Antonio Cánovas saxofoi-jotzailearen eta Rubén Díez organistaren emanaldiarekin. Azkenik, Orion, uztailaren 24an, ongintzazko kontzertua eskainiko dute Ana Aguado eta Santiago Banda organistek, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartearen alde.
Kontzertu guztiak doakoak izango dira, edukiera bete arte.