Debako Gaztelekuak bihar (irailak 11) zabalduko ditu ateak, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako ikasturte berriari hasiera emanez. Zerbitzuak topagune seguru, inklusibo eta hezitzailea eskaintzea du helburu, gazteek elkarrekin harremanak lantzeko, parte hartzeko eta beren interesetara egokitutako jardueretan aritzeko aukera izan dezaten.
Gaztelekuak nerabeak erdigunean jartzen ditu, haien iritziak eta nahiak kontuan hartuz programazioa osatzeko. Ikasturtean zehar, espazioan bertan zein kanpoan egingo diren hainbat jarduera antolatuko dira, hala nola kirolarekin, sormenarekin, aisialdiarekin eta bestelako proposamenekin lotutako ekintzak.
Ikasturte berriari begira, gainera, hainbat hobekuntza egin dira Gaztelekuan, nerabeei baliabide eta aukera gehiago eskaintzeko asmoz. Besteak beste, tatami berriak erosi dira mugimendu gelarako, jolas berriak ere gehitu dira, eta proiekzio gelako zorua margotu du udal brigadak. Horrez gain, sofa-koltxoi berriak jarri dira eta gela handiaren banaketa berrantolatu da, txoko eta erabilera gune berriak sortuz.
Lehen aldiz Gaztelekura gerturatuko diren 2014an jaiotako gazteek urriaren 2an izango dute harrera eta ongietorri jardunaldia. Bertan, zerbitzuaren eta espazioaren funtzionamendua azalduko zaie, eta ondoren merienda bat egingo da taldearekin.
Gaztelekura joateko ez da aurretik izena eman behar. Ikasturte hasierarekin batera, zerbitzuko arduradunak Mendata ikastetxera joango dira ikasgeletan Gaztelekua aurkezteko, irekiera data azaltzeko eta parte-hartzea baimentzeko fitxak banatzeko.
Zerbitzuaren ohiko ordutegia honakoa izango da: asteartetik ostegunera, 17:00etatik 19:00etara, eta ostiral, larunbat, igande eta jai egunetan, 17:00etatik 20:30era.
Informazio gehiago jasotzeko, Gaztelekuarekin harremanetan jarri daiteke debakogaztelekua2@gmail.com helbidearen bidez edo 943 19 27 62 telefono zenbakian.