Debako Udalak Zumardiko kioskoaren aurrean dagoen makala kenduko du segurtasun arrazoiengatik

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

ARGAZKIA: Debako Udala

Txosten teknikoak egonkortasunaren galera progresiboa antzeman du eta zuhaitza premiaz eta modu kontrolatuan moztea gomendatzen du. Lanak irailaren 12an, larunbatean, egingo dira, 08:00etatik 12:00etara.

Debako Udalak larunbat honetan Zumardiko kioskoaren aurrean dagoen makal zuria (Populus alba) kenduko du, espazio horren erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Duela gutxi zuhaitzaren inguruko zoladuran pitzadurak eta deformazioak antzeman ondoren, ikuskapen teknikoa egin da haren egoera aztertzeko. Txostenaren arabera, zuhaitzak inklinazio progresiboa eta sustraien garapenarekin lotutako aldaketak ditu zoladuran, eta egoera horrek egonkortasun-galera adierazten du.

Gainera, zuhaitzaren adina (80 urte ingurukoa), tamaina eta oinezkoen joan-etorriko eremu baten ondoan dagoela kontuan hartuta, txosten teknikoak beharrezkotzat eta premiazkotzat jotzen du zuhaitza modu kontrolatuan moztea, izan daitezkeen arriskuak prebenitzeko.

Prebentzio-neurri gisa, zuhaitzaren ingurua balizatuta dago une honetan. Kentzeko lanak irailaren 12an, larunbatean, 08:00etatik 12:00etara egingo dira, eta tarte horretan beharrezko segurtasun-neurriak hartuko dira eremuan.

Zuhaitza kendu ondoren, Udalak motzondoaren egoera aztertuko du eta inguruko zuhaitzak berritzeko aukera baloratuko du.